Eslovakia eta Herbeheretatik etorritako bi ikasle taldek bat egin dute Oñatin.

2016/09/13
Card image cap
Txantxiku ikastola eta Elkar Heziko ikasleekin elkartrukea osatzen ari diren taldeak domeka arratsalde-ilunkaran iritsi ziren.

Ikastetxeetan lantzen duten bigarren edo hirugarren hizkuntza praktikatzeko elkartrukeak dira bi kasuetan gauzatzen ari direnak. Ingelesa da ikasle guztiek komunean duten hizkuntza eta horretan komunikatzea da helburua. Aldi berean, herrialde, kultura eta ohitura ezberdinak ezagutzeko aukera izango dute hemengo zein hango ikasleek. Izan ere, elkartrukeak horixe du, orain hemen dauden ikasleei bisita itzultzen zaiela.

Elkar Hezikoen kasuan, oñatiarrak maiatzean joango dira Herbeheretako Goirle herrira. Egun etxean Eslovakiako ikasle lagunak dituzten ikastolakoak berriz, ekaina joango dira. Elkar truke hauetan, Batxilergoko lehenengo mailako ikasleek parte hartzen dute.

Eslovakiatik 30 laguneko taldea etorri da. Herbeheretatik berriz, 27 ikasle eta bi irakasle etorri dira.

Bigarren Hezkuntzako herriko ikastetxeek atzerriko hizkuntzak lantzeko elkartruke proiektu ezberdinetan parte hartzen dute, hizkuntza aldetik ez ezik, esperientzia pertsonal aldetik ere aukera aberasgarria eskainiz bertako ikasle eta familiei. Txantxiku Ikastolak Bretañako Diwan kolegio batekin ere elkartrukeak egiten ditu eta Zuazola institutuak, iparraldea eta Frantziako bi instituturekin.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!