Eskualdeko baserri-paisaien balioak ezagutu eta horien garrantzia agerian jartzeko bigarren partaidetza saioa ostegunean egingo da arantzazuko auzo elkartean.
DEBA-GARAIAk, Debagoienako Landa Garapen Elkarteak, Gipuzkoa eta Bizkaiko beste zortzi Landa Garapen Elkarterekin batera landa-paisaia atlantikoen balioa agerian jartzeko ekimena martxan jarri du. Eskualdeka, baserri-paisaiek dituzten elementu bereizgarriak identifikatzeko eta horiek kontserbatzeko aproposenak diren ekintzak proposatzeko parte-hartze saio irekiak antolatuko dira. Lehenengo saioa irailaren 20an egin zen Arantzazuko Aitzazabal elkartean. Hausnarketa prozesua osatzeko bigarren bilera berriz, etzi ostegunez egingo da leku berean.
Bi saioen artean egon den bi aste hauetan partaideek ariketa txiki bat egitea eskatu zitzaien. Bakoitzak bere ustez baliotsuak diren eskualdeko hainbat txokori buruz fitxa labur bat betetzea eskatu zitzaien.
Lehenengo saioa, paisaiari buruzko kontzeptu bateratua zehazten hasi zen. Eskualdeko paisaiei buruzko datu orokor batzuk aztertu ondoren, herritarren partaidetza errazteko asmoz sortutako fitxa aurkeztu zen. Gerturatu zen pertsona bakoitzak Debagoienako zein toki bisitatzeko asmoa zuen adierazi zuen eta fitxa, behar bezala beteta, urriaren 4an eramateko konpromisoa hartu zuen.
Aste honetako bigarren saioa, hausnarketa eta eztabaida saio bat izango da. Eskualdeko paisaia esanguratsuenen inguruan hitz egin, lehenengo sektoreak paisaian jokatu duen paperaz hausnartu eta etorkizunean aurkitzea espero ditugun paisaiei buruz eztabaidatzea dira bileraren helburuetako batzuk.
Hausnarketa prozesu hau irekia da. Horretxegatik, lehen saiora joaterik izan ez baina parte hartu nahi duenari izena emateko gonbidapena luzatzen die DEBA GARAIA Landa Garapeneko Elkarteak. Interesa duenak, aurrez izena eman behar du honako telefono zenbakira deituta: 943762547
Iturria: Oñati irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!