ESKOLABUS proiektua gaur jarri da martxan, probatan.

2014/05/05
Txantxiku Ikastola eta Elkar heziko ikasleek, autobus zerbitzua partekatuko dute kurtso amaierara arte.

  Esperientzia pilotu hau hezkuntza mahaian egin zen diagnostikotik etorri da: herriko hiru ikastetxeetako autobusek, ordu tarte berdinetan ibilbide paretsua egiten zutela ikusi zen eta gehienetan, plaza guztiak bete gabe. Eskola garraio zerbitzua optimizatze aldera autobusa partekatzeko aukerak aztertzen hasi ziren. Hasieran, herriko hiru ikastetxeei irekitako egitasmoa kontzertatutako bitara mugatu da, hezkuntza sare publikoko garraio zerbitzuaren ordainketa konplexua ikusten baitzen, Eusko Jaurlaritzak parte hartzen duen aldetik.

  Txantxiku Ikastola eta Elkar hezi ikastetxeen ordutegi eta egutegiak errebisatu dira, autobus geltoki bakoitzean zenbait haur hartzen diren ikusi da eta datu guztiak kontrastatuta, autobus zerbitzu bateratua zehaztu da. Egitasmoa ikastetxe eta gurasoei aurkeztu zaie eta guztien adostasunez, gaur bertan martxan jarri da.

  Aurretik zituzten ordutegiekiko 5-10-15 minutuko egokitze txikiak egin behar izan dira zenbait kasutan baina sistemak ekarri duen aldaketa nagusia, lehendik ere geltokietan topo egiten zuten ikastetxe ezberdinetako neska-mutikoek autobus berbera hartuta eskolara elkarrekin joaten hasi direla da. Gaur goizean ikastola eta Elkar hezi ikastetxeko haurrak hartzen, lehen bezala, bi autobus ibili dira baina bakoitzak, ibilbide ezberdin eta osagarriak egin ditu, bidean, bi ikastetxeetako ikasleak hartzen. Gero, noski, bakoitza bere eskola atarian utzi ditu.

  Eskolabus proiektuak, esan bezala, lehendik zeuden autobus zerbitzuak optimizatzeko bidea ematen du, inguru bakoitzean dabilen autobus kopurua gutxituz eta ibilgailuak ere gehiago betez. Horrek, zeharka, ikastolak erabiltzen zuen tamaina handiko autobusa txikitzeko aukera ere eman du eta horrela, zenbait kale eta bidegurutzetan sortzen ziren arazoak saihestu dira.

  ESKOLABUS, autobusa partekatzeko proiektua ikasturte amaierara arte proban izango da eta ondoren, esperientziaren balorazio bateratua egingo da hezkuntza mahaian. 2014-2015 ikasturtean egitasmoarekin jarraitu ala ez, balorazio horren araberakoa izango da.    

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!