Oñatiko udala

Esklerosi anizkoitzagatik "Busti zaitez" kanpaina Oñatira itzuliko da domekan

2022/07/06
Card image cap
Material salmenta eta informazio mahaia jarriko da plazan

  25. aldiz egingo da Busti zaitez kanpaina Euskadin. Oñatin berriz, bederatzigarrena izango da domekako hitzordua, pandemiak eragindako etenaren ondoren berriro bueltan datorrena. Esklerosi anizkoitzaren inguruan gizartea sentsibilizatu eta elkarteak eskaintzen dituen zerbitzuak mantentzeko dirua lortzea da kanpainaren helburu nagusia.

  Esklerosi Anizkoitza Euskal Fundazioak, ADEMGI-ren laguntzarekin, antolatu den jardunaldi solidario honetan gaixotasun neurologikoak sortzen dituen arazoez informatzeaz gain, ADEMGI-k 2007an ireki zuen zentroan eskaintzen diren logopedia eta fisioterapia zerbitzuak finantzatzeko dirua lortu nahi da. Udalak 1.000 euroko dirulaguntza emango dio aurten ADEMGI elkarteari, Oñatin egiten dituen sentsibilizazio eta informazio ekintzetarako. Baina herritarren erantzuna eta harremana da garrantzitsua eta horri neurria, igandean hartuko zaio berriro.

  25. kanpaina honetarako Mikel Urmenetak irudi berria sortu du. Domekan, plazan, Busti zaitez kanpainari dagozkion kamisetak erosi ahal izango dira, eta bestelako materiala ere bai, seguruenik. Donostian prestatutako materiala astean jasoko da Oñatin eta informazio esku-orriekin batera plazan jarriko da domekan 11:00tatik 14:00tara.

  Busti zaitez Euskadin eta estatu mailan dagoen esklerosi anizkoitzaren aldeko kanpainarik garrantzitsuena da eta urtero milaka euskal herritarrek bat egiten dute ekimenarekin.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!