Erretzeari uzteko kanpaina kalera aterako da asteazkenean

2023/05/29
Card image cap
Osasun zentroko bi erizain plazan egongo dira, informazioa eman eta esku-orriak banatzen

  Maiatzaren 31a Tabakorik Gabeko Eguna izango da. Horren harira, informazio kanpaina abiatu du Debagoieneko ESIk; eskualdeko anbulatoriotan informazio-mahaiak jarri dira. Baina egitasmoa kalera aterako da asteazkenean eta karpa jarriko da plazan, 12:00etatik 14:00etara. Anbulatorioko bi erizain izango dira, esku-orriak banatu eta aholkuak ematen.

  Tabakismoaren inguruko argibideak emango zaizkie plazako karpara hurbiltzen direnei, izan erretzaile edo ez. Eta bereziki erretzaile direnei zuzenduta, uzteko baliabide ezberdinen informazioa emango zaie. Osakidetzak banakako zein taldeko programak ditu, aurrez aurre nahiz online jarraitu daitezkeenak. Erretzeari uzten laguntzeko botikak badira, eta motibazioan laguntzen duten aplikazio informatikoak edo 24 orduz aktibo dagoen laguntza telefonoa ere bai (944 007 573).

  Erretzeari uzteko baliabide aukeren inguruko informazioa plazan eskuratu ahal izango da, asteazkenean, eta noiznahi, anbulatorioan. Etzi plazan propio jarriko den karpara hurbiltzen direnei erretzeari uzteko esku-orriak eta sagarrak banatuko zaizkie.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!