Oñatiko udala

Errekaldeko lanak amaitzear daude, bihar aparkalekuak markatu eta zoruko seinalizazioa margotuko dute.

2012/07/09
Horretarako, Errekalde 1 zenbakidun ataritik behera, aparkalekuak libre utzi beharko dira.

  Margotze lan hauek bihar goizeko lehen orduan, 8ak inguruan hasi asmo dituzte. Ondorioz, autoa lehen orduan kendu ezin duenari beste nonbait aparkatzea eskatzen zaio udaltzaingotik.

  Errekalde eta Bakardadeko Ama kale inguruan egin dituzten lanen osagarriak dira biharko iragartzen diren margotze lanak. Errepidearen ezker-eskumara egokitu diren aparkaleku berriak markatuko dira. Errekalde goialdetik datorren bidegorriari jarraipena emanez, hau errepide erdian margotuko da eta zoruan bestelako zirkulazio eta abiadura muga seinaleak ere, margotuko dira.
Lanak, trafikoa moztu gabe egiten saiatuko dira.

  Horretarako, errepidearen alde bateko lan guztiak segidan egingo dituzte trafikoa bestaldetik bideratuz. Ondoren, lehen pintura hori lehortuta bestaldean margotzen hasiko dira.
Arazoak, bidegorria margotzen ari diren bitartean sortu daitezke, esan bezala, errepidearen erdian izango delako, baina aparkalekuak libre izango direnez, autoak bertatik bideratuko dira.
Biharko margotze lanak eginda Errekalde auzune behealdea egokitzeko apirila erdialdean hasi ziren lanak osatu direla esan genezake.

  Errekaldetik Bakardadeko Ama kalerainoko tarte honetan egin diren egokitze lanak, herriko merkatalguneak sustatzeko egitasmoaren baitan kokatu zuen udalak. Hartarako diru-laguntza eskatu zion Eusko Jaurlaritzari.

  Aurreko bi urteetan Errekalde auzoan egindako lanak borobilduz, ingurua, oinezkoek eta bizikleta nahiz motordun ibilgailuen elkarbizitzarako gune bihurtu da. Espaloiak eta galtzada plano berean dituen plataforma bakarrean egokitu dira. Espaloiak estutuz, errepidearen ezker eskumara aparkalekuak egin dira. Hori guztia, bihar markatuta, marraztuta geratuko da.

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!