Errekalde eta San Lorentzo arteko tunelean margotutako murala erreta agertu zen zapatuan

2016/12/05
Card image cap
Azaroak 25 egunero dela aldarrikatu zuen Oñatiko Sare Feministak ekintza salatzeko prentsaurrekoan

  Ez da lehen aldia Sare Feministaren adierazpenak erasotzen direla: indarkeria matxista baztertuz herri sarreretan dauden paneletan, matxista hitza sistematikoki ezabatzen da, pankartak kentzen dira edo feministen kontrako pintaketak egiten dira. Halako azken ekintza San Lorentzo eta Errekalde arteko tunelean margotu zen murala erretzea izan da. Hala agertu zen zapatu goizean. Arratsaldean, ekintza salatzeko prentsaurrekoa egin zen plazan. Gertatutakoak haserretu egin dituela onartu zuten ordezkari feministek, baina aldi berean, aurretik dagoen lana agerian uzten duela esan zuten. Bide horretan, herritarren konpromisoa eskatu zuten. Indarkeria matxistari aurre egiteko eguna, nazioarte mailan, azaroaren 25a izendatuta dagoen arren, halakoak egunero direla azpimarratu zuten.

  Larunbatean erreta agertu zen murala astebete lehenago margotu zen auzolanean Errekalde eta San Lorentzo arteko tunelean. Muralean hauxe irakurri zitekeen: Libre izan gura dot, ez balientia. Izan ere, aipatu tunela herrian emakumeentzako puntu beltz moduan identifikatuta baitago. Marrazkiaren fondoa zuria da eta honen bidez, argitasun pitin bat eman nahi zitzaion tunelari. Baina nagusiki, emakumeek, gizonezkoen antzera, erasotuak izateko beldurrik gabe ibiltzeko duten eskubidea aldarrikatu nahi zen. Erretako muralarekin zer egingo den ez da erabaki oraindik.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!