Errekalde auzoko 5. areako argiteria berrituko da irisgarritasun lanak osatuz

2015/10/26
Card image cap
Sodio lurrunezko luminariak LED teknologiadunengatik aldatuko dira

  Errekalde auzoko irisgarritasun-lanen 5. areako berrurbanizazio-lanak egin direla aprobetxatuz, guneko argiteria berrituko da. Luminariak aldatuko dira indarrean den kanpo argiteriaren eraginkortasun energetikoaren erregelamendua betetzeko.

  Errekaldeko eskola txikiaren inguruko gunean dauden sodio lurrunezko luminariak kendu eta LED teknologiadun berriak jarriko dira. Zenbait kasutan, argi puntu gehiago jarriko dira gainera. Horrek, hariteria eta kanalizazioa berria egin beharra eragingo du, zutoin zaharrak kenduko dira eta oinarri berriak ere egingo dira.

  Hainbat aurrekontu eskatu dira bai obra zibila nahiz argiteria lanak egiteko.  Obra zibila, irisgarritasun lanak egin dituen Ugarte enpresari esleitu zaio eta argiteriarena berriz, Txantxiku enpresari. Biak batuta, 28.000 euro pasatxo bideratuko dira Errekalde auzoko 5. areako argiteria berritzera.

  Luminariak aldatuta, ekainean hasi ziren irisgarritasun lanak guztiz amaituko dira. Azken urteetan Errekalde auzoa inguratzen duen eraztuna eta honen kanpoaldeko guneak egokitu ondoren, eraztun barruko guneak egokitzea erabaki zuen Udalak. Aktuazio nagusia, auzoaren erdialdean dagoen eskola txikia eta inguruko zabalgunean egin da. A2B enpresak osatutako proiektuaren arabera, Errekaldeko barruko ardatz horretan ibilgailuen pasabideak eta aparkalekua asfaltatu dira, espaloiak konpondu eta eskudelak nahiz hiri altzariak jarri edo berritu dira. Datozen asteetan berriz, argiteria aldatzeko lanak egingo dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!