Oñatiko udala

Errefuxiatuak Oñatin hartzeko 5 etxebizitza bi urtez alokatzeko funtsa jarriko du Udalak

2015/10/07
Card image cap
Etxebizitza hutsen bat duten jabeei alokairu sozialean errentan eman nahi duten galdetu zaie

  Siriako errefuxiatuen egoeraren aurrean Amnesty International erakundeak bidalitako mozioa babestuz hartutako erabaki osagarria da alokairurako diru-funtsa berezia sortzea. Gaia, azken Osoko Bilkuran onartu zen.

  Udalbatza osatzen duten bi taldeek aho batez onartu zuten Amnesty Internationalen mozio proposamena. Idatzian, lau eskaera konkretu luzatzen zaizkio Espainiako gobernuari: errefuxiatuei merezi duten erantzuna ematea, birkokatze kupoa handituz eta bereziki arriskuan dauden emakume eta neskatxei lehentasuna emanez; susta dezala Siriako biztanleria zibila babesteko nazioarteko ekintzak eta Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluari eska diezaiola Siriako auzia Nazioarteko Zigor Gortera eraman eta presidentearen eta haren hurbileko laguntzaileen aktiboak izoztea; eta Siriako gobernuari egiten zaizkion arma transferentziak bertan behera uzteko neurriak susta ditzala. Era berean, Nazio Batuek Siriako krisiari aurre egiteko, babes finantzario nahiz tekniko handiagoa eskaini dezala.

  Espainiako gobernuari zuzendutako lau eskaera horiezaz gain, Udalari ere errefuxiatuak birkokatzeko behar adina baliabide bideratzea eskatzen zen mozioan. Horren haritik, eta kontutan hartuta udalaren jabetzako etxebizitza guztiak une honetan okupatuta daudela, bost etxebizitza partikular alokairuan hartzeko funtsa jartzea adostu zen. Errefuxiatuei eskaintzeko 5 etxebizitza, bi urtetarako alokatzeko diru funtsa jarriko du Udalak.

  Orain aste batzuk martxan jarri zen herritarren saretik zenbait etxebizitzen eskaintza jaso da udaletxean. Dena den, etxebizitza bat hutsik duten jabeei asmoaren berri emanez eta errefuxiatuentzat alokairuan utzi nahiko luketen galdetuz idatzia bidali zaie. Udalak errefuxiatuei eskaintzeko 5 etxebizitza lortu nahi ditu eta jabeei ordainetan alokairu soziala adinako errenta ordainduko die. Kontratuaren iraupena 2 urtetakoa izango litzateke, esan bezala.
Behin etxebizitzok lortu ondoren, errefuxiatuen gairako osatuta dagoen mahaiaren esku utziko dira, honek erabaki dezan Oñatira nortzuk etorriko diren.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!