Oñatiko udala

Errefortzurako langilea kontratatu nahi da udaleko giza baliabideak eta antolakuntza departamenturako

2017/04/25
Card image cap
Helburu berberaz iaz egin zen deialdia bertan behera geratu zen hautagaiek ez zutelako azterketaldia gainditu

  Giza baliabideak eta antolakuntza departamenduan aldi baterako programa gauzatu ahal izateko errefortzuko langile bat kontratatu asmo da. Teknikariak udaleko giza baliabideen antolakuntza eta kudeaketa hobetzeko dauden aukerak aztertu eta proposamenak lantzeko laguntza eskainiko du. Giza baliabideak arrazionalizatzeko programak, berresleipenak nahiz lanpostuen behin behineko eta behin betiko horniketa prozesuetan parte hartuko du. Plantilla organikoa eta lanpostuen deskribapen fitxen azterketa eta eguneraketa egingo du eta udalaren hurrengo lan eskaintza publikoaren azterketa, tramitazioa eta exekuzioa bideratuko ditu. Gainera, udal departamenduen antolakuntza eta lan kargak neurtu eta neurri zuzentzaileak proposatu beharko ditu, besteak beste.

  Aldi baterako lanpostu honetara aurkeztu ahal izateko zuzenbidean, ekonomian edo enpresa zientzietan lizentziatura edo gradua izatea eskatzen da eta euskarari dagokionean, laugarren hizkuntza eskakizunaren maila. Lanpostua, oposizio lehiaketa sistemaz beteko da. Lehiaketa fasean, hautagaien lan eskarmentua eta formazio osagarria kontutan hartuko da. Oposizio edo azterketaldian berriz, lanpostu deialdiarekin batera argitaratu den gaitegia oinarri hartuta, azterketa teoriko eta praktiko bana gainditu beharko da eta eskatutako euskara maila agiri bidez egiaztatzen ez dutenek, euskarako azterketa ere gainditu beharko dute. Giza baliabideak eta antolakuntza departamentuan errefortzuko langilea kontratatzeko deialdia gaur bertan argitaratu da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta bihar irekiko da hautaketa prozesura aurkezteko epea. Interesa dutenek eskaera udal bulegoetan egin beharko dute maiatzaren 15a bitartean.

  2015eko azaroan antzerako deialdia egin zuen udalak. Baina orduan ez zen hautaketa prozesua osatu hautagaiek ez zutelako eskatutako maila erakutsi. Ondorioz, prozesua bertan behera utzi zen. Orain, bigarren deialdi hau eginda, aldi baterako lanpostua bete eta aipatu programa gauzatu nahi da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!