Erosteko orduan, nire lehen aukera, Oñati
Pandemia garai honetan egoera bereziki zaila bizitzen ari diren merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu arloko establezimenduen aldeko sentsibilizazio kanpaina jarri du abian udalak, Erosteko orduan, nire lehen aukera, Oñati lelopean. Herritarrak eta, bereziki, gazteak, erosketak herriko saltokietan egitera animatzea da kanpainaren helburua.
Bertako saltokiak herriarekin konprometituta daudelako, kaleei bizitza ematen dietelako, herriari nortasuna ematen diotelako, herritarren arteko topaleku direlako, hurbileko eta konfiantzazko tratua ematen digutelako, eskaintza zabala eta aberatsa dutelako... Erosketak herrian bertan eginez gero, ekonomia eredu jakin baten alde egiten ari garela gogorarazi du udalak; jasangarriagoa, enplegu duina sortzen laguntzen duena, eta aberastasuna herrian bertan uzten duena, besteak beste.
Sare sozialak baliatzen ari dira nagusiki 15 egunez luzatuko den sentsibilizazio kanpainari dagozkion mezuak zabaltzeko: Instagram, Twitter eta Facebook. Udal komunikabideetan ere publizitatea txertatuko da. Kanpaina iaz abiatu zen Herritik zuztarrera, zuztarretik herrira kanpaina orokorraren baitan kokatzen da eta urtean zehar egingo diren beste ekintza batzuekin osatuko da: erosketak herrian egitea sustatzeko bonu kanpaina berria aktibatuko da udazkenean, merkataritza sektorearen lehiakortasuna hobetzeko hainbat programa ari dira martxan jartzen, lokal hutsak dinamizatzeko ekimenak gauzatuko dira eta Txanda elkartea indartzeko helburuz ere ekintzak garatuko dira.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!