Oñatiko udala

Erorikoak saihesteko lau orduko tailerra antolatu da maiatzaren 7 eta 8rako

2024/04/08
Card image cap
Plazak mugatuak dira eta izena osasun-zentroan eman behar da

  64 urtetik gorakoen artean erorikoak izan ohi dira lesio eragile nagusiak EAEn. Datu epidemiologikoen arabera, gutxienez urtean behin erortzen dira talde horretako pertsonen erdiak; eta ondorio fisikoak ez ezik, psikologiko eta sozioekonomikoak ere izaten dituzte. Arazoaren garrantzia kontutan hartuta, erorikoak saihesteko tailer teoriko-praktikoak antolatzeari ekin zion Udalak, osasun arduradunekin batera. Urtean birritan egin ohi dira eta aurtengo lehena, maiatzaren 7 eta 8rako antolatu da.

  Erorikoak saihesteko tailerra pertsona nagusiei eta euren senide edota zaintzaileei zuzenduta dago. Tailerra Zubikoa kiroldegian izango da eta bi saio teoriko-praktiko egingo dira, maiatzaren 7an eta 8an, 16:00etatik 18:00etara. Saio hauetan hainbat gai azalduko dira: erorikoak zergatik gertatzen diren eta zer egin daitekeen aurre hartu edo prebenitzeko; zer garrantzitsuak diren, honetan ere, ohitura osasungarriak izan eta ariketa fisikoa egitea; edota nolako laguntza teknikoak dauden eskuragarri, telelaguntza esaterako. Ariketa praktikoak ere egingo dira nola erori eta erori ondoren nola jaiki ikasteko.

  Erorikoak saihesteko lau orduko tailer honetan parte hartzeko izena eman behar da osasun-zentroan edo bertara telefonoz deituta: 943 03 54 30 zenbakira. Tailerra doan da baina plazak mugatuak dira eta 15 lagunek egin ahal izango dute. Aurretik egin diren era honetako tailerretan, taldeak oso azkar bete direla kontutan hartuta, izena lehenbailehen ematea komeni da.

  Hainbat erakundek bat egin dute erorketen prebentziorako tailer honen antolakuntzan: Udaleko Gizarte zerbitzuak eta Kirol departamentuak, batetik, osasun zentroak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun saila, bestetik. Helburua, ahal den neurrian, erorikoen kopurua gutxitzea da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!