Oñatiko udala

Erdiguneko kaleak tarteka trafikorako moztuko dira arratsaldean zehar Emakume birako txirrindulariei paso emateko.

2014/06/13
Unibertsitate etorbidea 3etarako itxiko da, errotondatik Aker taberna pareraino.

  15:30etik aurrera berriz, Bakardadeko ama kalea, Santa Marina plaza eta Euskadi Etorbidea ere itxi egingo dira, txirrindulariek herri gunean egingo duten ibilbide neutralizatua kale horietatik bideratuko baita.

  Lasterketaren irteera neutralizatua izango da, arratsaldeko 4ak 10 gutxitan Unibertsitate Etorbidetik abiatuta eta herriko kaleetatik lehen zirkuitu txikia osatuta, 0 kilometroa eta lasterketaren benetako hasiera, Otadui zuhaiztian izango da arratsaldeko 4etan.

  Baina txirrindulariak Oñatitik beste hiru alditan pasako dira: Arratsaldeko 5ak laurden gutxi inguruan, 5.30ak aurretxoan eta amaieran, 7ak laurden gutxi baino lehentxeago. Hiru tarte horietan ere, errepidea eta erdiguneko kaleak trafikorako itxi egingo dira. Helmuga, Unibertsitate Etorbidean bertan, Parrokia aurrealdean egongo da.

  Baina Emakume Bira badatorrela goizean goizetik antzematen da inguruko aparkalekuetan. Mondragon Unibertsitateko aparkalekua, Aita Mortara kalekoa eta Olaitturri, lasterketako autoentzat gorde baita. La Caixa aurrealdeko taxi geltoki eta zamaketa lanetarako aparkalekuak ere, erreserbatuta daude. Kale zaharrean berriz, Kurtzetxoko ermitatik Kanpantxoraino ere, aparkatzea debekatu dago, txirrindulariak, Kasablankatik barrena etorriko baitira.

   Eta goi mailako txirrindaritza zita honekin bat eginez, Txirrinka taldeak gosari sorpresa eskaini die gaur goizean lanera eta eskolara bizikletan edo oinez joan direnei.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!