Oñatiko udala

Erdiguneko kaleak autorik gabeko gune izango dira hileko azken ostiraletan.

2013/10/24
Card image cap
Hala, bihar, kale zaharra, Kale Barria eta atzeko kaleko piboteak ez dira jaitsiko.

  Irailean izaten da beti ere autorik gabeko eguna. Gurean ere hala ospatu zen eta erdiguneko kaleak autoentzat itxi egin ziren. Baina halako egun bereziak hain berezi izan gabe ohikoagoak izan beharko liratekeela esan zigun Leire Egañak, ingurumen zinegotziak eta gutxienez hilean behin ekimena errepikatzeko asmoa zutela aurreratu zigun:

  Hala egingo da hile bakoitzeko azken ostiralean.

  Bihar, urriaren 25a hileko azken ostirala da baina egutegian gorriz agertzen da eta alde horretatik, eman nahi zitzaion berezitasuna apur bat galduko du. Kontu egin behar da bihar dendek ez dituztela ateak irekiko eta udaltzainek ere, gainontzeko jai-egunetan bezala, ez dituztela erdi-peatonal diren kaleetako piboteak jaitsiko. Beraz, aldarrikapena, jai egun izaera horrekin apur bat ezkutatuko da. Udalak hartu duen erabakia beraz, nabariagoa izango da azaroan, azken ostirala, hilaren 29a ohiko lan eguna izango baita.

  Hala izanik ere, gogoratu, bihar kale zaharra, Kale Barria eta Atzeko kaleko piboteak ez direla jaitsiko erdigunea, oinezkoentzat gune bihurtzeko helburuarekin.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!