Oñatiko udala

Erdiguneko hainbat kale eta aparkaleku itxi egingo dira bihar arratsaldean, Gipuzkoako itzuliaren aitzin-etapa dela eta

2019/06/20
Card image cap
Aita Madina, Lizaur kalea, hilerrirako bidea eta San Juan kalea 16:45tatik 19:30ak arte itxita egongo dira

  Jubenil mailako txirrindularien itzulia da Gipuzkoako itzulia. Aitzin-etapa edo prologoa Oñatin jokatuko da bihar arratsaldean. Erlojuaren kontrako etapa izango da. Motza, 2,1 kilometroko ibilbidea izango duena baina herrigunean jokatuko denez trafikoari zuzenean eragingo diona. Txirrindulariak Txaketua paretik irtengo dira kale Zaharra, Lizaur kalea eta postetxe aurrealdetik pasata hilerrira igoko direlarik. Han bira egin eta behera datozela, eskumatara hartu eta anbulatoriora doan tuneletik pasako dira, San Juan kaletik behera Plazara iristeko.

  Proba 17:00ak inguruan hastea aurreikusten da baina kaleak ordu laurden lehenago garbi utziko dira, trafikorako itxita. Konkretuki, Aita Madina kalea, Lizaur kalea, postetxe aurrealdeko bidea, hilerrirako bidea, Ulma Handling-eko sarbidea eta San Juan kalea itxiko dira trafikorako. Horrezaz gain, Olaitturriko aparkalekua eta San Juan kaleko garajeak, lurrazpiko parking-a barne, itxi egingo dira, 16:45tatik 19:30tara. Garagaltzatik behera doazen auzotarrek Santipillautik behera Zañartura egin beharko dute. Eta Lurraldebuseko autobusak, Ibarrako bidetik egingo ditu sartu-irteerak.

  Gipuzkoako itzuliaren aitzin-etapa honetan 150en bat txirrindularik parte hartzea espero da. Lehen txirrindulariak 30 segundoko tartearekin irtengo dira eta azken 15-20ak berriz, minutu bateko tartearekin. Gauzak ondo, proba 19:15 inguruan amaitzea espero da baina trafikoa guztiz normaldu, eta aparkalekuetarako sarrerak berriro ireki, 19:30tarako egingo da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!