Erdigunean bizitza zainduko duen gizarte eredurantz jotzeko politika publikoen aldeko konpromisoa berretsi du udalbatzak

2021/03/08
Card image cap
Martxoaren 8aren inguruko Adierazpen instituzionala onartu zen azken Osoko Bilkuran

  EH Bilduk eta EAJk adostutako adierazpena da martxoaren 8aren inguruan otsaileko Osoko Bilkuran azaldu eta onartu zena.

  Egungo osasun egoerak feminismoak aspalditik ohartarazten zuen krisi multidimentsional eta sistemikoa agerian utzi duela eta erakundeetatik bultzatzen diren politika guztietan begirada feminista ezinbestean integratzea eskatzen duela aipatzen du idatziak. Kapital metaketa baztertuz, erdigunean erreprodukzio sozial jasangarria jarriko duten politika publikoak behar direla aldarrikatzen du. Eta pandemiaren aurreko egoerara itzuli gabe, irtenbidea, pandemiak areagotu dituen larrialdi eta errealitateei behin betikoz erantzun ematea dela azpimarratzen du.

  Alkateak irakurri zuen Adierazpen instituzionalak zazpi puntu biltzen ditu:

- Gizartean zaintza antolatzeko ereduari buruzko eztabaida bultzatzea, bizitza erdigunean jartzean oinarritzen den ikuspuntu feminista batetik abiatuta, zaintzaren erantzunkidetasun sozial eta komunitarioranzko bidean.

- Analisia egitea, genero ikuspuntutik, egoera zaurgarrienetan dauden emakumeen egoerari eta beharrizanei buruz, eta horiei aurre egiteko premiazko neurriak martxan jartzea.

- Premisa feministetatik abiatuta, zaintzei buruzko herri eztabaida guneak irekitzea, askotariko kolektibo sozial, administrazioa eta gure udalerrian dauden beste sektore batzuk inplikatuz.

- Zaintza-lanen balio sozial eta politikoa aitortzen duten komunikazio-kanpainak egitea, erantzunkidetasunari arreta berezia eskainiz eta etxeko langileenak bezalako errealitateak ikusaraziz.

- Politika publikoetan zeharlerrokotasunez bizitzaren jasangarritasunera bideratutako irizpideak txertatzeko mekanismoak sistematizatzea, Oñatiko emakumeen eta gizonen berdintasunerako II. Plana oinarri.

- Udaletik kudeatzen diren zaintza zerbitzuetan, lan baldintza duinak bermatzeko neurriak ezartzea.

- Egoera zaurgarrienetan dauden emakumeen ahalduntze indibidual eta kolektibora bideratutako ekintzak eta espazioak sustatzea.

 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!