Erakundeei dagokien ardura hartzea exijitu zitzaien larunbatean, indarkeria matxistaren kontrako elkarretaratzeetan

2023/11/27
Card image cap
Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak aldarrikatu ziren Olakuan eta plazan

  Bi izan ziren larunbatean, azaroaren 25ean, gurean egin ziren elkarretaratzeak eta bietan, aurten Euskal Herrian erail dituzten lau emakumeak eta haurra gogora ekarri ziren. Isilik egin ziren elkarretaratzeen ondoren, Euskal Herriko mobilizazioetara zabaldu zen idatzia irakurri zen.

  Indarkeria matxistarik gabeko bizitzak aldarrikatu ziren eta emakumeek, trans eta bollerek egunero pairatu behar duten indarkeria matxistarekin nazkatuta eta haserre daudela adierazi zuten. Ez hori bakarrik, feminismotik proposatzen diren aldarriez erakundeek egiten duten erabileraz ere nazkatuta daudela esan zuten. Indarkeria matxistaren gaia erakundeen agendatako lehen lerroan jarri eta dagokien ardura hartzea exijitu zitzaien erakundeei.

  Gizonezkoak ere interpelatu ziren elkarretaratzeen amaierako irakurketan; egungo sistemaren konplize izateari utzi eta dagokien ardura hartu dezaten exijitu zitzaien gizonezkoei. Bukaeran, osteguna, azaroaren 30erako deituta dagoen greba feminista orokorrarekin bat egiteko gonbidapena zabaldu zitzaien bertaratutakoei.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!