Eragin txikia izan du San Martinen zaharren egoitzetan deitutako 3 eguneko grebak

2018/10/26
Card image cap
Langile batek eta modu partzialean soilik jarraitu du deialdia

  Gipuzkoako egoitzetan hiru egunetako greba deialdia egin zen, asteazkenetik gaur arte. ELA sindikatuak egindako deialdira, LAB batu da gaur. Oñatin, San Martin egoitzan, jarraipen txikia izan du, langile bakarrak eta modu partzialean, ordu batzuetan soilik egin baitu greba, enpresa ordezkariak adierazi digunez.

  Gipuzkoako zaharren egoitzako langileek duela 22 hilabete abiatu zen hitzarmen negoziazioa geldirik dagoela eta aurrerapausorik ez dela eman salatu nahi dute eta sektoreko langileen lan baldintzak hobetzea eskatzen dute, hitzarmen berri bat onartuz.

  San Martin egoitza egoera berezian dago, bertako kudeaketa integrala Aita Menni enpresak hartu baitzuen hile hasieran. Irailaren 28rako lehenengo greba eguna deitu zuen ELA sindikatuak baina herriko jaiak eta aipatu kudeaketa errelebo hori gainean zeudela ez zen deialdia jarraitu, eta aste honetako hiru eguneko deialdiak ere oihartzun txikia izan du, langileetako batek bakarrik eta ordu batzuetan utzi duelako lana.

  San Martin egoitzan jarraituz, esan bestalde, atzoko Osoko Bilkuran, egoitza bera eta Eguneko zentroaren kudeaketa Aldundiaren esku uzteko hitzarmena sinatzea onarrtu zuela. Indarrean den Gizarte Zerbitzuen Legeak menpekotasuna duten eta ez duten pertsonen ongizaterako zerbitzuak zehazten ditu eta Aldundiaren esku uzten du menpekotasuna dutenen zerbitzuen kudeaketa. Horregatik, urteetan San Martin Fundazioaren esku egon den egoitza eta Udalak zuzentzen zuen Eguneko zentroa Kabia foru erakundearen kudeaketara pasako dira. Hitzarmena atzo onartu zen eta esku aldaketa urtarrilaren 1etik aurrera gauzatuko da.

  Atzoko Osoko Bilkuran urte hauetan guztietan San Martin egoitza nahiz Eguneko zentroaren ardura izan duten moja, langile eta teknikoa nahiz herritarren lana eskertu zen.


Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!