Era desegokian utzitako hondakinen edukiontzietan abisuak jartzen hasiko da Mankomunitatea

2022/03/17
Card image cap
Hondakinak hustu ondoren erretiratu gabeko edukiontzietan ere ohartarazpenak jarriko dira

  Debagoieneko mankomunitateak abisuak ipiniko dizkie era desegokian utzitako edukiontziei. Dagokion esekitokian eskegi beharrean zuzenean lurrean utzitako edukiontziei eta, behin hustu ondoren, hurrengo egunean erretiratu gabe esekitokian utzitakoei pegatina bana ipiniko zaie, jokabide horiek oker daudela gogorarazteko.

  Herriko esekitoki guneen egoera hobetzeko lanean ari da Debagoieneko mankomunitatea. Esekitokien beheko posizioak kendu eta haizearentzako arandelak jartzeko lana egiten dihardu. Baina aldi berean, abisuak jartzeko erabakia hartu du ikusirik lurrean uzten diren edukiontziak asko direla eta asko, baita ere, hustu ondoren esekitokitik erretiratu gabe ordu luzez uzten direnak. Jokabide horiek zuzendu eta esekitokien egoera txukuntzeko asmoz erabaki da abisuak jartzen hastea.

  Esekitokien beheko posizioak kendu eta haizeak edukiontziak beren lekutik atera ez ditzan arandelak jartzen ari da Mankomunitatea heriko esekitoki guneetan. Orain aste batzuk hasitako lan hauek aurrera doaz, eta egokitzen diren guneetako erabiltzaileen atarietan jakinarazpen orriak jartzen ditu Mankomunitateak, egin diren aldaketen berri zehatza emanez. Bertan behera utzi edo anulatzen diren behealdeko esekitoki horiek Mankomunitateko zintaz estaltzen dira, jendeak erabiltzeari utzi eta dagokion kodea posizio berrian bilatu dezan.

  Esekilekuetan egiten ari diren aldaketa horiekin eta datozen egunotan martxan jarriko den abisuen kanpainarekin, esekitokien txukuntasuna hobetu eta lurrean pilatzen diren hondakinak gutxitzea da helburua.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!