Oñatiko udala

Epeleko zabortegiak ez ditu betetzen berriz irekitzeko baldintza teknikoak, Mankomunitateko Ingurumen Zerbitzuak egindako txostenaren arabera

2024/03/13
Card image cap
Mankomunitateko ordezkariak prentsa agerraldian
Martxoaren 21ean egingo den Gobernu Juntan hartuko da behin betiko erabakia

  Bi ikerketa geotekniko egin dira Epeleko zabortegian, instalazioak berriz ireki eta hondakinen gelaxka guztiak betez gero, terrenoaren egonkortasun egoera zein litzatekeen jakiteko. Emaitzek agerian utzi dute zabortegiak ez lituzkeela beteko ezarritako gutxieneko segurtasun baldintza geoteknikoak. Zabortegia berriro irekitzeko soluziobide konplexuak eta garestiak hartu beharko liratekeela ondorioztatu du egindako txosten teknikoak eta egonkortasun geoteknikoa bermatzeko aukera bakarra zabortegitik hondakinak ateratzea litzatekeela zehazten du.

  Zabortegiaren azpitik doan ur garbien galeriaren inguruko txosten teknikoa ere egin zen, iaz, eta galeriaren egoera kaxkarra dela azaldu zen, zabortegiaren balizko irekierak ondorio kaltegarriak eragingo lituzkeela agerian utziz. Hirugarren arrazoi bat ere ikusten du Mankomunitateko Ingurumen batzordeak Epele itxita mantentzeko, zelda zaharraren azpialdea ez baitzen inpremeabilizatu. Garaiko arauek ez zuten halakorik agintzen eta ur garbien galeriaren gainean 1,5 m inguruko lodiera duten betetze lurrak bota ziren baina aparteko inpremeabilizazio geruzarik jarri gabe. Arrazoi guzti horiek kontutan hartuta, Epeleko zabortegia berriro ez irekitzea proposatuko dio Mankomunitateko Ingurumen batzordeak Gobernu Juntari.

  Epele ez irekitzeak ondorio ekonomiak ekarriko dizkio  Mankomunitateari, egokitze lanetarako Eusko Jaurlaritzak bideratutako dirulaguntza itzuli egin beharko delako. 2 milioi euro agindu ziren eta 1,5 milioi ordainduta zeuden, beraz, itzuli egin beharko dira. Ez hori bakarrik. Epele itxita dagoela ere, instalazioen eta lurraren egoeraren jarraipena egiten segitu beharko du Mankomunitateak, horrek duen kostuarekin.

  Epeleko zabortegia 2018an itxi zen, 25 urtez hondakin industrial ez arriskutsuak jaso eta gero. Helburu berarekin berriro ireki nahi zuen Eusko Jaurlaritzak baina Mankomunitateak kontrako erabakia hartuko duela dirudi. Ondorioz, bertara biderartu asmo ziren 450.000 tona hondakinentzako beste zabortegi bat topatu beharko du Jaurlaritzak.

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!