Enviser eta Sercom grupo Moyua UTEak jarraituko du herriko lorategi eta berdeguneen mantentze lanak egiten

2022/07/19
Card image cap
2026ra arteko zerbitzu esleipena lortu du

  Datorren astean, ostiralez sinatuko da Oñatiko berdeguneak, parkeak eta lorategiak mantentzeko, kontserbatzeko eta hobetzeko zerbitzuaren kontratu berria eta 2026ko uztaila amaierara arte izango da indarrean. Baina printzipioz ez da aldaketa handirik izango, 2015az geroztik horretan diharduen enpresa berberarekin sinatuko baita zerbitzu kontratua: Enviser eta Sercom grupo Moyua UTEarekin, hain zuzen.

  Hiru enpresa aurkeztu ziren esleipen prozesura baina batek ez zuen gutxieneko puntuazioa lortu eta kanpo utzi zen. Beste bien artean aurkeztutako memoria teknikoak markatu du diferentzia, balorazio-puntuazioren arabera. Udalak finkatu zuen gehienezko aurrekontua 22.000 eurotan merkatuta, zerbitzua 287.336 eurotan esleitu da.

  Zaindu beharko diren eremuak zerrendatzen dira lorezaintza zerbitzuaren kontratuan: Oñatiko berdegune publiko guztiak, kiroldegiko igerilekuko kanpoko berdegunea, San Martin eta Santa Lutzia zuhaiztiak, Usako, Olakuako urmaela, auzokonpost-guneak eta udal hilerriko lorezaintza-lanak hala behar denean, errefortzu moduan. Gune bakoitzaren ezaugarrien arabera, mantentze lanak nola eta zenbateko maiztasunez egin beharko diren ere zehaztu da kontratuan. Baita enpresak jarri beharko dituen giza baliabideak ere; gutxienez, lauzpabost laguneko lantaldea beharko da, lau langile urte osoko kontratuarekin eta beste bat sei hilabetez, lan karga handiagoa den eperako. Horrezaz gain, Udalaren aurrean enpresa ordezkatuko duen teknikaria izendatu beharko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!