Oñatiko udala

ENTZUNALDIA, gai baten bueltan osatutako sei kontzertuko ziklo berria Musika Bandaren eskutik

2022/10/26
Card image cap
Eragile ezberdinak gonbidatuko dira emanaldietan laguntzeko

  Azarotik maiatzera sei kontzertu monografiko eskainiko ditu musika bandak 2022-2023 ikasturtean zehar: Naturaldia azaroan, Euskaraldia urtarrilean, Maitasunaldia otsailean, Musikaldia martxoan, Animaldia kontzertu pedagogikoa apirilean eta Historialdia maiatzean. Kontzertuak Zubikoako pilotalekuan izango dira, 13:00tan, aurreko ikasturtean bezala. Abenduaren 18an egingo den HATOR HATOR Gabonetako kontzertua ere Parrokiatik kiroldegiko pilotalekura eta arratsaldetik eguerdira aldatzea erabaki da. Aurreko ikasturtean hasitako bideari jarraituz, bestalde, auzoetako emanaldiei eutsiko die bandak eta halako bi eskainiko ditu, ekaina eta irailean. Bat Arantzazun izango da eta bestea zein auzotan emango den zehazteke dago oraindik.

  Aitor Biain Bidarteren zuzendaritzapean beteko duen bigarren denoraldia izango du musika bandak ENTZUNALDIA izenburupean aurkeztutakoa. Aurrekoak ekarritako aldaketa guztiek harrera oso ona izan zutela azpimarratu du Iñigo Ugartek, bandako zuzendaritza taldeko ordezkariak. Sei emanalditan, guztira, 2.840 entzule bildu ziren eta Santa Anatik kiroldegira aldatzea egokia izan zela aipatu du Ugartek. Korpusetako dantzaldia Parrokia aurrealdera edo jaixetako kontzertuak plazako eszenatokira aldatzea ere esperientzia ona izan direla erantsi du.

  Sei musikari berri batu dira musika bandara eta aurtengo inbertsioak perkusio taldea indartzera eta pieza berrien partiturak eskuratzera nagusiki bideratu dela argitu du Ugartek.

  Iñaki Olalde Kultura zinegotziak ere parte hartu du Musika Bandaren denboraldi berriaren aurkezpenean eta herriko eragileekin elkarlanean aritzea eta publiko berrietara irekitzeko egin diren ahaleginak txalotu ditu. Hala ere, onartu du, kontzertuak hartu dituen Zubikoako pilotalekuaren irisgarritasuna hobetu behar dela eta dauden aukerak aztertzen ari direla, jada.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!