Oñatiko udala

Enpresagintzako gradu eta graduondoko 320 ikaslek beren diploma jasoko dute arratsaldean

2022/02/18
Card image cap
Oñati eta Bidasoako campusetako eta 18/19 eta 19/20 promozioetako ikasleek bat egingo dute Donostian

  Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza Fakultateak diplomak emango dizkie gaur arratsaldean 2018/2019 eta 2019/2020 promozioetako graduko, unibertsitate-masterretako eta coaching eta lidergoaren arloko profesionalentzako prestakuntzako 320 ikasleri. Izan ere, pandemia dela eta, ikasle horiek orain arte itxaron behar izan dute beren graduazio-ekitaldian diploma ofiziala jaso ahal izateko. Ekitaldia 18:00etan izango da, Donostiako Kursaal jauregian.

  Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako graduko modalitate DUALeko 18/19 eta 19/20 promozioetako ikasleek jasoko dituzte diplomak, Oñatiko campuseko 96 ikaslek eta Bidasoako campuseko 64k. Gainera, promozio eta campus bakoitzeko lau espediente akademiko onenak nabarmenduko dira. Horiez gain, beste hainbat master ikaslek ere jasoko dute diploma arratsaldeko ekitaldian: Kontabilitate eta Finantza Zuzendaritzako Unibertsitate Masterreko ikasleek, Pertsonen Talentuaren Kudeaketa Estrategikoko Masterrekoek, Erakundeen Nazioartekotzeari buruzko Masterrekoek eta Marketing Digitaleko Masterrekoek. Kasu honetan ere ikasketak 2019ko promozioan nahiz 2020koan amaitu dituzte. Era berean, eta Enpresagintza Fakultateak eskaintzen dituen Harreman Sistemen eta Pertsonen Lidergo eta Coachingeko profesionalentzako programak amaitu dituzten 63 lagunek ere dagokien egiaztagiria jasoko dute.

  Ekitaldia 18:00tan hasiko da eta pare bat orduz luzatzea aurreikusten da. Saioa Enpresagintza Fakultateko dekano Lander Belokik irekiko du eta ondoren, Laboral kutxako lehendakari Txomin Garciak berba egingo du, Mondragoneko esperientzia kooperatiboari lotutako bere bizitza profesionalari buruzko hitzaldia emanez. Mondragon Unibertsitateko errektore Bixente Atxak itxiko du graduazio ekitaldia.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!