Enpresa berriak sustatzeko laguntza oinarriak onartu eta 2019ko deialdia egitea proposatuko da gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean

2019/03/14
Card image cap
Gaztelekuko zerbitzuen kudeaketako esleipena ere aztertuko da

  Udalak urteak daramatza enpresa berriak sustatzeko dirulaguntzak ematen. Iaz, esaterako, 15.000 euroko diru poltsa berezitu zuen hartarako. Aurten zenbat diru izango den eta dirulaguntzak jasotzeko bete beharreko baldintzak zeintzuk izango diren aztertuko da, besteak beste, arratsaldeko Tokiko Gobernu Batzarrean. Dirulaguntza hauetarako oinarriak azalduko baitira eta 2019ko deialdia egitea proposatuko baita.

  Oñatin enpresa jarduera berri bat sortzen duen orok eskatu dezake udalaren dirulaguntza. Baldin eta, herrian erroldatuta badago, gutxienik, enpresa eratu baino sei hilabete lehenagotik. Sortzen den enpresa berriak ere Oñatin izan behar du egoitza soziala eta fiskala, eta lantokia bera ere bai.

  Gaztelekuaz ere berba egingo dute gobernu taldeko kideek arratsaldeko bileran, Gaztelekuko zerbitzuen kudeaketako esleipen-prozesua martxan jartzea proposatuko baita. Zehar Heziketa eta Programak elkartea arduratu da azken lau urteetan Gaztelekuko zerbitzu ezberdinen kudeaketaz. 2014an esleitu zen kontratuan zeregin ezberdinak batu ziren: Gaztelekuko Kuboa eta Topalekuan arreta eskaini eta  dinamizazio lana, 0-7 urte bitarteko haurren familiei zuzendutako Sotoan espazioaren kudeaketa egitea, Informazio-komunikazio gunearen ardura eta bestelako ekipamenduen kudeaketa. 2014an sinatu zen zerbitzu kudeaketa kontratua bete da jada eta esleipen berria egin behar da. Baldintzak zehaztu eta prozesua abian jartzea eskatuko zaie gaur gobernu taldea osatzen duten kideei.

  Kale garbiketako langile baten kontratu aldaketa, ULMAko negozio ezberdinek udalari egin dizkioten eskaerak edota Olaburuko lokal baten erabilera luzatzeko eskaera ere aztertuko dira, besteak beste, gaur arratsaldeko Tokiko Gobernu Batzarrean. 

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!