Enpresa berri bat sortzeagatik eta langabetuak kontratatzeagatik hainbat diru laguntza eskaera aztertuko dira gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean
Asteartean amaitzen da enpresa berriak sustatzeko udalaren diru laguntza eskatzeko epea. Udalak aspalditik ematen dituen diru laguntzak dira hauek baina aurten, oinarri arautzaileak berrikusi dira beste erakunde batzuek ematen dituztenekin bateragarriak egiteko. Enpresa berriak eta enplegu-sorrera sustatzea da Sozioekonomia Batzordeak kudeatzen dituen diru laguntza hauen helburua. Oñatin, enpresa jarduera berri bat sortzen duen orok eskatu ditzake. Baldin eta, herrian erroldatuta badago, gutxienik, enpresa eratu baino sei hilabete lehenagotik. Udalak, 32.000 euroko partida berezitu du enpresa berriak sustatzeko diru laguntzetarako. Halako eskaera bat aztertuko da arratsaldeko Tokiko Gobernu Batzarrean. Era berean, eta Soziekonomia Batzordeak berak kudeatzen duen beste laguntza lerro batetik, langabetuak kontratatu dituzten hiru enpresek bideratutako laguntza ekonomiko eskaerak jorratuko dira. Sozioekonomia Departamentuak berak, Gabonetan egin ohi den erakusleiho lehiaketarako oinarriak gertatu ditu eta horiek ere aztergai izango dira arratsaldean.
Gai asko zerrendatu dira gobernu taldearen asteko bilerarako. Berdintasuna Batzordearen eskutik, azaroaren 25a emakumeen kontrako indarkeriari aurre egiteko nazioarteko eguna dela eta antolatu den ekintza programaren berri emango da eta aurrekontua onartzea proposatuko da. Kirol arloan, kiroldegiko fitness gimnasioko argiteria aldatu eta fitness makinak berritzeko proposamena ere aztertuko dira, besteak beste.
Haurrak eta Gazteria Batzordeak, sormenerako diru laguntzen bigarren deialdiaren berri emango du, Foru Aldundiko Gazteria Sailarekin lankidetza hitzarmena berritzeko aukera eta hile akaberan jokatuko den Gaztelekuko XXII. Xake Txapelketa zertan den azalduko da.
Azaroa eta 2016. urtea aurrera doala igartzen da Tokiko Gobernu Batzorderako gaiei erreparatuta, aurtengorako aurre ikusten diren diru laguntza ezberdinak erabakitzen ari baitira, eta ondorioz, urte ekonomikoa pitinka osatzen. Hala, auzoetako ermiten urteko diru laguntzen gaia ere gaurkoan hizpide izango da.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!