Oñatiko udala

Enpresa bakarra aurkeztu da Munazategiko biribilgunean Garibairako adarra eraikitzeko prozedurara

2021/09/01
Card image cap
Ostiralean irekiko da eskaintza ekonomikoaren plika

  Amenabar enpresak ekin zien orain hiruzpalau aste Munazategiko biribilgunea eraikitzeko lanei, Unaingoa baserri parean. Eta Amenabar enpresa bera da aipatu biribilguneak Garibai auzorako izango duen sarbide adarra eraikitzeko prozedurara aurkeztu den enpresa bakarra. Gaur goizean ireki da lehenengo plika, hau da, enpresaren dokumentazioa biltzen duen plika; eskaintza ekonomikoena etzi, ostiral goizean irekiko da.

  Garibairako sarbide adarra Munazategiko biribilgunearen lan osagarria da eta Udalaren kontura egingo da. Biribilgunea bera Ulma kooperatibak ordainduko du.

  Munazategiko biribilgunea eraikitzeko lanak abuztuan hasi ziren GI-2630 errepidean, Unaingoa baserri parean. Lehen fasea eskuineko aldean egingo da, Oñati-Elorregi zirkulazioaren noranzkoan. Biribilgunea Duruaran errekaren gainean egokituko da; 42 metroko kanpo diametroa eta 6 metro zabaleko errai bakarra izango du alde bakoitzetik metro beteko bazterbidearekin. Errepidearen eskumaldeko lursailetan hasi diren lanok eragin zuzena izango dute trafikoan. Semaforo bidez edo langile batek adierazita trafikoa tarteka eten edo eman da, orain arte, baina lanek aurrera egin ahala eta inguruko trafiko areagotzearekin batera, eragina handiagoa izango dela pentsa liteke. Biribilgunea eratzeko lanak sei hilabetez luzatzea aurreikusten da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!