Enpresa bakarra aurkeztu da kiroldegia garbitzeko zerbitzu-lizitaziora

2021/10/27
Card image cap
Memoria teknikoa jasotzen duen B kartazala irekiko da bihar

  Eskaintzak egiteko epea amaitu eta biharamunerako finkatuta zegoen lizitaziora aurkeztutako enpresen plikak irekitzeko hitzordua. Atzo bete zen tramitea. Hemen garbiketak SLU da kontratazio prozesura presentatu den enpresa bakarra. Orain, egindako proposamena udalaren eskaera eta baldintzekin bat datorren ikusi beharko du Kontratazio mahaiak esleipena gauzatu ahal izateko.

  Memoria teknikoa ikusi eta aztertu beharko da lehenik. Bihar irekiko da aipatu memoria jasotzen duen B kartazala. Garbiketa plana, antolakuntza, zerbitzuaren kalitatearen kontrola eta bitartekoak zelan zehaztu diren baloratuko da, gehienez, aurreikusten diren 100 puntuetatik 33 banatuz. Izan ere, datorren astean irekiko den C kartazalak jasotzen duen eskaintza ekonomikoak beste 67 puntu eskuratzeko aukera emango baitu. Baina mahai gainean proposamen bakarra izanik, udalak zehaztutako baldintzak egoki betetzen direla baloratu beharko du Kontratazio mahaiak, esan bezala.

  Kiroldegiko bulego, kantxa, igerileku, aldagela eta gainerako instalazioetan egin beharreko lanak zerrendatu zituen udalak, besteak beste, garbiketa maiztasuna zehaztuta. Hori ordutara eraman, eta lan orduaren prezioa 22,12 eurotan finkatu zen eta urteko kontratuaren esleipen aurrekontua, 198.257 euro da, BEZ kanpo. Egun kiroldegia garbitzen diharduten zortzi langileen zerrenda ere osatu zuen udalak, kontratatzen den enpresara subrogatuko baitira. Gainera, udalak kontratatuta diharduen 9. langilea plangintzan integratu beharko du.

  Kontratu berria 2022ko urtarrilaren 1ean indarrean sartzea da helburua. Kiroldegia garbitzeko zerbitzu kontratuak urtebeteko iraupena izango du baina bi aldeak ados egonez gero urtez urte, beste hiru alditan, luzatu ahal izango da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!