Oñatiko udala

Enplegua sustatzeko toki ekintzetarako diru laguntza eta kontratazioak aztertuko dira gaurko Tokiko Gobernu Batzarrean

2017/11/16
Card image cap
4 gai bakarrik zerrendatu dira arratsaldeko bilerarako

  Azken orduan bestelakorik aurkeztu badaiteke ere, badirudi, gaurko gobernu batzarrak ez duela luze joko, lan zerrendan,  lau gai bakarrik jaso baitira. Eta horien artean aipagarria da Sozioekonomia batzordeak aurkeztuko dituen biak: enplegua sustatzeko toki ekintzetarako Lanbidek eman ohi dituen diru laguntzen ebazpena eta pertsona langabetuak kontratatzeko oinarri eta deialdia.

  Lanbidek, Oñatirako, 8 langabetuen kontratazioa diruz laguntzea onartu zuen. Lan jardun osoz eta hiru hilabetez egingo dituen kontratazio horien gastua arintzeko 44.828 euro jasoko ditu udalak Lanbide enplegu zerbitzutik. 3 kale garbitzaile, landa bideak garbitzeko 4 pioi eta informatika laguntzaile bat kontratatzea aurre ikusten da. Pioien kasuan hautaketa prozesua aurreratuta dago. Informatika laguntzaile lanposturako berriz, hautagaiak aurkeztu daitezen hasieran eman zen epea luzatu da eta interesatuek, izena eman dezakete oraindik, Lanbideren web atarian sartuta. Oñatin erroldatuta eta Lanbiden izena emana izateaz gain, informatika-sistemen eta sareen erdi mailako lanbide heziketa edo pareko formazioa izatea  eta 3 hizkuntza eskakizunaren pareko euskara maila izatea eskatzen da. Diru laguntza hauek jasotzeko hainbat baldintza jarri dizkio Lanbidek udalari, helburua, laneratzeko zailtasunak dituzten kolektiboak kontratatzea baita. Horregatik, Oñatin kontratatuko diren langileetatik gutxienez 3 emakumezkoak izan beharko dute, 2 RGI delakoaren onuradun eta 55 urtetik gorako bat. Azalpen guzti hauek emango dira gaurko Tokiko Gobernu batzarrean.

  Ogasuna batzordearen eskutik faktura zerrenda bat aurkeztu eta onartzea proposatuko da eta Haurrak eta Gazteria batzordearen eskutik berriz, GIROLANen datorren urteko mantenu kontratua aurkeztuko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!