Oñatiko udala

Enplegua egonkortzeko oposizio-lehiaketetako lehen bi azterketaldiak bihar hasiko dira

2024/01/23
Card image cap
Brigadarako pioia eta bi pioi-gidari plazetarako azterketa teorikoa egingo da Eltzian, bihar goizean

  18 lagun daude biharko azterketetarako deituta eta bi hautagaik, pioi eta pioi gidari plazetarako ariketak egin beharko dituzte bi prozesuetarako onartu baitziren. Gainditu beharreko oposizio fasean bi proba egitea aurreikusten da: teoriko-praktikoa, bi zatitan, eta euskarari dagokiona. Teorikoan lanpostuetarako deialdiarekin batera kaleratu zen gaitegi orokorraren ingurukoak galdetuko dira, eta praktikoan, lanpostuaren egitekoei lotutako kasu praktiko bat edo batzuk planteatuko dira. Azterketa teorikoa egingo da bihar, Eltziako hirugarren solairuko gela balioanitzean. Ariketa 9:00etan hasiko da baina hautagaiek 8:55etan gelan egon beharko dute, aretoa 8:30etan ireki eta 8:55etan itxiko baita. Nortasun agiria, pasaportea edo gida baimena eraman beharko dute beraien burua identifikatzeko eta boligrafo urdina edo beltza ere eraman beharko da, errotuladore ez den boligrafoa, azterketarako jarraibideetan zehazten denez. Bestelako xehetasunak ere ematen dira jarraibide horietan, informazio guztia udaleko web atarian dago ikusgai.

  Biharko azterketaren ariketa teorikoak 20 puntu balioko du. Ondoren, 40 puntu balioko duen ariketa praktikoa egiteko deialdia zabalduko da. Proba teoriko-paktikoaren atal hauetako bakoitzean puntuen erdiak lortu beharko dira hautaketa prozesuan aurrera egiteko. Oposizioaldia osatzeko euskarari dagokion azterketa egingo da, nahiz eta guztiek ez duten bete beharko. Brigadako pioi eta pioi gidari plazetarako eskatu zen lehen hizkuntza eskakizuna agiri bidez egiaztatu dutenek ez dute euskarazko azterketarik egin beharko, bakarrik, agiria aurkeztu ez zuten bost hautagaiek.

  Enplegua egonkortzeko prozesuaren baitan udal plantilan jasota dauden sei plaza oposizio-lehiaketa sistemaz betetzea aurreikusi zuen Udalak eta horietako hiruretarako lehen azterketa egingo da bihar, brigadako pioia eta bi pioi gidari plazei dagokiena.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!