Energiaren aurrezpen eta eraginkortasunerako programa abiatu du Mankomunitateak
Foru Aldundiko Ingurumen departamentuarekin elkarlanean Debagoieneko Mankomunitateko Garapen Agentziak energiaren aurrezpen eta eraginkortasunerako informazio eta sentsibilizazio ekintzak gauzatuko ditu. Hasteko, eskualdeko elikadura saltokiei zuzenduta, energia faktura ulertzeko eta energia aurrezteko banakako aholkuak emateko doako zerbitzua martxan jarriko da. Hozkailuak dituzten harategi, arrandegi, supermerkatu txiki eta antzerakoak bereziki gonbidatu nahi dira, energia kontsumo altuagoak izan ohi dituztelako. Baina egitasmoa eskualdeko beste saltokietara zabaltzeko asmoa dago, etorkizunean.
Interesa duten dendetako azken urteko faktura energetikoak bildu eta aztertuko dira eta, saltokietara bisita teknikoa eginda, ondorioak azaldu eta argindarra aurrezteko aholkuak emango dira. Helburua, faktura elektrikoa ulertu eta energiaren erabilera hobetzeko aukerak ezagutzea da: ordutegi edo tenperaturaren arabera kontsumo txikiagoa egin baitaiteke. Era berean, argiztapena, bero-hotz ekipoetan aldaketa txikiak eginda sistema teknikoki nola hobetu daitekeen azalduko da.
Saltokietako faktura energetikoa ulertu eta argindarra aurrezteko aholkuak jasotzeko programa doakoa da baina parte hartzeko izena eman behar da, Mankomunitatera deituta (943 793 090). Saltokietara bisitak urrian egingo dituzte teknikoek, beraz, izena lehenbailehen ematea komeni da.
Bestalde, urriaren 22an enpresa industrialei zuzendutako saio praktiko bat antolatuko du Mankomunitateak, berokuntza, klimatizazioa eta argiteria sistemetan aurrezteko aholkuak zabaltzeko.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!