Oñatiko udala

Energia bulego birtuala ekarri da udaleko web orrira

2024/02/08
Card image cap
Argindar eta gas kontsumoaren jarraipen pertsonala egin liteke baita udalaren kontsumoarenena ere

  Orain urtebete inguru ireki zen Bidebarrieta kalean, Oñatiko energia bulegoa. Bertan, gas eta argindar fakturak irakurtzen laguntzen dute, zerbitzu horiek ematen dituzten enpresa ezberdinen inguruko tarifak azaldu eta geure beharretara egokitzeko aholkua ematen da, eta aldaketak egin nahi bada, tramitea nola burutu azaltzen da, besteak beste.

  Orain informazio hori digitalizatu egin da eta bulego birtual horretarako sarrera www.oñati.eus udaleko web atarian txertatu da, energia bulegoak eskaintzen duen informazio guztiak etxetik bertatik ere kontsultatu ahal izateko. Tarifak, dirulaguntzak eta zerbitzuaren inguruko informazioa eskuratu ez ezik, norberaren etxeko argindar kontsumoa kontsultatu eta jarraipena egiteko aukera ere ematen du bulego birtualak, Datadis plataforman alta emanda.

  Gainera, Informazio energetikoa atalean, udal ekipamenduetan eta argiteria publikoan egiten den kontsumo energetikoaren bilakaerari buruzko datuak ere ikusgai daude. Kontsumo datuak ahalik eta zehatzen monitorizatzea da aplikazioaren helburua, argindarraren, erregaien edota uraren kontsumoa jaisteko ahalik eta neurri eraginkorrenak hartu ahal izateko.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!