Oñatiko udala

Emakumion Etxiaren erabiltzaileak, erabilerak eta mugak zehazteko saioa egin zen zapatuan

2024/01/31
Card image cap
Erabakitze fasean dago prozesua eta hiru parte-hartze saio aurreikusten dira

  Emakumion Etxia nork, nola eta zertarako erabiliko den eztabaidatzeko aukera izan zen larunbatean, Eltzian. Saioak bi zati nagusi izan zituen. Hasteko, etxean emango diren ekintza edo zerbitzuen inguruan hausnartu zen, talde txikitan bilduta, ekintza eta zerbitzu horiek nori zuzenduko diren eta zein estrategiaren baitan eztabaidatuz. Nondik abiatu adosteko, orain arte landutako balio, xede eta zereginak lehentasunen arabera zerrendatu ziren. Besteak beste, indarkeria matxistaren prebentzioa, ikusezina ikusgarri bihurtzea, ondo pasatzea eta gozatzea eta etxeak posizionatze erlijioso edo alderdikoirik ez izatea landu zen.

  Bestetik, etxean gertatuko diren gauzek zein muga izango dituzten edo zein gauza ez diren gertatuko jarri zen mahai gainean. Bost ardatz nagusi eztabaidatu ziren: jarduera ekonomikoak, elkarteak, gizonezkoak, adina eta hirugarrenei espazioen lagapena.

  Saioaren lehenengo zatia astunagoa edo sakonagoa izan dela adierazi du Jone Arriolabengoa Berdintasun teknikariak estrategiez eta oinarriez berba egin delako. Baina oinarria sendoa izatearen garrantzia azpimarratu du, hemendik aurrera hartuko diren erabakietarako edo sor daitezken gatazketarako, helduleku izango delako oinarri hori.

  Erabakitze fase honetan beste bi lan saio, gutxienez, egitea aurreikusten da, otsailean eta martxoan saino bana. Biak ere larunbat goizez egingo dira eta hiruzpalau orduko dedikazioz, aurreko saioko partaideekin adostu zenez.

  Erabakitze fase honetan landu eta erabakitakoarekin aurkezpen saio bat egingo da, uda aurretik.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!