Oñatiko udala

Emakumeentzako Jabetze eskolan izena emateko epea zabalik dago, irailaren 30era arte

2023/09/12
Card image cap
Udazkeneko egitarau-liburuxka etxeetara banatu da

  8 ikastaro-tailer, hitzaldi eta mahai inguru antolatu dira Jabetze Eskolako udazkeneko egitarauan. Zerrendatu diren ekintza gehienak abendura bitartean burutuko dira, ikasturte osoan luzatuko diren bi izan ezik; Yoga emakumeentzat eta Arrazakeriaren aukako genealogia feministak: Bell Hooks eta Angela Davis-en pentsamenduak ikastaroak maiatzera arte iraungo dute. Yoga ikastaroa ostegunetan izango da, Hooks eta Davisen pentsamendua ezagutzeko berriz, bi orduko 8 saio egingo dira, urritik apirilera.

  Arrazakeriari aurre egiteko, ijito herriaren historia ezagutaraziko da beste ikastaro batetan. Kera emakume ijitoen elkarteko bi kidek gidatuko dute azarorako antolatu den Erresistentzia Romania izeneko ikastaroa. Hiru saiotan osatuko da baita ere Argi eta soinu teknikari hastapen ikastaroa. Egun bakarreko tailerra izango da, urtero errepikatzen den Autodefentsa feminista saioa; azaroaren 4an egingo da.

  Dantza oinarri, norbere buruarekin eta inguruarekin harremanetan jarri eta gorputz kontzientzia landuko da Emakumeak mugimenduan ikastaroan eta eskuak mugimenduan jarriko dira bestalde Elkarrekin, bizitzaren korapiloak askatzen: makrame ikastaroan. Hari eta sokekin lan egingo da bizitzak eragindako korapiloak askatzeko eta adierazpen gune eta sareak ehuntzeko.

  Aurten ere izango da gizonezkoei zuzendutako eskaintzarik Jabetze eskolaren baitan; Aitatasun arduratsuak: despatriarkalizazio eta erantzunkidetasuna ikastaroa antolatu da. Kirola, indarkeria eta gizontasuna izeneko mahai ingurua ere egingo da urtarrilaren 17an. Azaroaren 30erako deituta dagoen greba feminista orokorrera begira, bestalde, hiru hitzaldiko zikloa antolatu da, urria eta azarorako, bizitza erdigunera ekartzeko beharraz eta zaintzaz hausnartzeko.

  Antolatu diren ikastaro, hitzaldi eta bestelako ekintzen inguruko informazioa biltzen duten liburuxkak etxeetara, postontzietara banatu dira. Parte hartzeko izen-ematea ere egin daiteke jada, irailaren 30a bitartean. Izena udaleko web ataritik egin liteke edota banatzen ari diren liburuxken atzealdeko orria beteta, udaletxeko HAZ bulegoan utzita.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!