Oñatiko udala

Emakumeentzako Jabetze Eskolako udaberriko egitaraua kalean da

2023/01/03
Card image cap
Izena emateko epea zabalik dago, urtarrilaren 23ra arte

  9 ikastaro, hitzaldi, ikuskizun eta gizonei zuzendutako saioak jaso dira urteko bigarren eskaintzan, udaberriko programan. Emakumeen adinera lotutako etapa ezberdinak gogoan hartuta, hilekoaz, erditzeaz eta menopausiaz egun bakarreko saioak programatu dira. Hala, otsailaren 4an indarkeria obstetrikoa, erditzea eta dolu perinatala izeneko hiru orduko ikastaroa antolatu da. Hiru ordukoa izango da baita ere otsailaren 25erako zehaztu den menopausia eta plazerra ikastaroa. Eta martxoaren 25ean hilekoaren odola, autogestioz eta elkarrekin izenpean, oihalezko konpresen inguruan berba egingo da, besteak beste, lau orduko saioan.

  Martxoaren 17 eta 18an, begirada feminista bat gorputz ziklikoei eta ginekologiari izeneko sei orduko saioa osatuko da eta luzeagoak izango dira beste lau ikastaroak: yoga emakumeentzat, generoa, umorea eta emozioak, irudi laborategia: artearen historiaren hackeoa eta arrazakeriaren aurkako genealogia feministak irakurle taldea.

  Gizonak feminismora hurbiltzeko ahaleginean jarraituko da eta gai horren inguruko hilean behineko saioak egingo dira, otsailetik aurrera. Ostegun arratsaldetan izango dira baina egunak, partaideekin zehaztuko dira.

  Zinegoak laburmetrai emanaldia, Bi aldiz erditu zinen nitaz ama eta Ovolucionando antzerki emanaldiak, dolu perinatalari buruzko solasaldia edota estatu arrazakeriaren geografiak izaneko saioa ere antolatu dira martxotik maiatzera bitartean.

  Jabetze eskolaren baitako negu-udaberriko eskaintza liburuxka batean jaso da eta hori, etxeetara banatzen hasi dira jada. Izen-ematea zabalik dago, urtarrilaren 23ra arte. Izena udaleko web ataritik egin liteke edota banatzen ari diren liburuxken atzealdeko orria beteta, udaletxeko HAZ bulegoan utzita.

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!