Emakumeentzako aholkularitza juridiko zerbitzua martxan da

2024/01/16
Card image cap
Hileko bigarren astelehen arratsaldetan eskainiko da baina hitzordua eskatu behar da Udaleko Berdintasuna departamentuan

  Aholkularitza juridikoaren bidez emakumeen autonomia eta ahalduntzea sustatzea da zerbitzu honen helburua, erabakiak hartu eta irtenbideak bilatzeko prozesuan parte-hartze aktiboa izan dezaten. Zerbitzua Irule abokatuak taldeari esleitu zaio eta atzo bertan hartu zituzten lehen emakumeak, Ramon Irizar kalean udalak duen lokalean.

  Arlo juridikoan aholkularitza eta orientabidea emango da, genero ikuspegia aintzat hartuta, diskriminazio, babesgabetasun edota indarkeria egoera pairatu dezaketen emakumeei laguntzeko. Kontsulta gaiak asko eta oso anitzak izan daitezke: familia gatazkak, hau da, banaketak, dibortzioak, mantenu pentsioen ordainketa ezak edota bisita erregimena ez betetzeak; indarkeria matxista arazoak; lan arlokoak; atzerritartasunarekin lotutako arazoak eta bestelako gai sozial eta penalak… Emakumeek dituzten eskubideak ezagutu eta horiek bete daitezen eskura dituzten tresnen inguruko informazioa aurrez aurre, modu pertsonalizatu eta seguruan jasotzeko zerbitzua izango da.

  Udalak martxan jarri duen emakumeentzako aholkularitza zerbitzu juridiko hau Oñatin bizi edo bertan lan egiten duten emakumeei zuzenduta dago. Zerbitzua, hilean behin, hileko bigarren astelehenean beteko da, arratsaldeko 15:00etatik 18:00etara. Zerbitzua doanekoa da baina hitzordua hartu behar da eta horretarako, Udaleko Berdintasuna departamentuarekin harremanetan jarri behar da, telefonoz, udaletxera deituta (943 780 411) edo posta elektronikoz: berdintasuna@onati.eus helbidera. Txanda edonoiz hartu daiteke baina Iruleko teknikarien hurrengo bisita otsailaren 12an izango da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!