Emakumeen Nazioarteko Egunaren inguruan antolatu diren mobilizazioetan parte hartzera deitu du Udalak

2016/03/08
Card image cap
Azken Osoko Bilkuran aho batez onartu zen erakunde adierazpenean agertzen den puntuetako bat da

  Martxoaren 8aren harian aurkeztu zen mozio idatziak 10 konpromiso jasotzen zituen baina jeltzaleek proposatutako beste lauz osatu zen. Horrela, Emakumearen Nazioarteko Egunaren inguruan Oñatiko Udalbatzak 14 puntuko erakunde adierazpena aho batez onartu zuen. 

  Berdintasuna alorrerako aurrekontua igo, berdintasun teknikariaren figura indartu, ahalduntze eskola abian jarri, herriko emakumeen errealitatea ikertu eta ezagutarazi, Udalak sortzen dituen idazki guztietan hizkuntza ez sexista eta inklusiboa erabili, diru laguntzetan genero klausulak ezarri, biolentzia matxistaren kontrako protokoloa landu eta abian jarri, herriko jai eta ospakizunetan parte hartze parekidea landu eta sustatu edota udal eskumeneko sail guztietan generoa zehar lerrotasunez lantzeko neurriak garatzeko konpromisoa hartu zuen azken bileran Oñatiko Osoko Bilkurak.  Horrezaz gain, titularrean aipatu bezala, martxoaren 8aren inguruan deitutako mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du Udalak.

  EH Bilduk proposatutako oinarrizko adierazpenari, EAJk beste lau puntu eranstea eskatu zuen: emakumeen kontseilua eratu eta indartzea, langile guztien lan baldintza eta bizitza pertsonala uztartzeko estrategiak sustatzea, ardura partekatzearen balioa bultzatzea maila guztietan eta estrategiak garatzea pertsonaren harreman esparru guztietan sexu-abusuak eta indarkeria matxista prebenitu eta desagerrarazteko. Udal gobernu taldeak proposatutako lau puntuak bere egitea onartu zuen eta 14 puntuko erakunde adierazpena aho batez onartu zen.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!