Oñatiko udala

Emakumeen etxeak Oñatin eskainiko dituen aukerak mahaigaineratu ziren larunbatean

2023/01/23
Card image cap
50 emakume baino gehiago elkartu ziren Eltzian

  Emakumion Etxia Eraikitzen parte-hartze prozesuaren baitan saio berria egin zen Eltzian, larunbat goizean. Prozesura orain batu direnei aurreko fasean bizitakoa kontatzeko aukera izan zuten azaroan antolatutako bisitetan parte hartu zuten kideek. Bisita horietan piztutako ilusiotik eta kontatzeko beharretik sortu zen larunbateko bilera.

  Azaroko bi ostiraletan, hogeiren bat lagunek, Azpeitia, Zumaia, Hernani eta Donostiako emakume etxeak bisitatu zituzten. Bertan ikusi eta entzundakotik Oñatin sor daitezkeen aukera ezberdinak elkarbanatzeko espazio baten beharra ikusi zen eta bisitetan egondako emakumeak eurak izan ziren larunbatean, joan ezin izan zutenei balizko aukera horiek azaldu zizkietenak. Jone Arriolabengoa Udaleko berdintasun teknikariak azaldu duenez, aukera guztiak mahaigaineratzeko momentua da, beste esperientzien bidez piztu den ilusioa partekatu eta jasotako informazioa eta izandako bizipenak joan ezin izan zutenei kontatzeko momentua.

  Emakumeen etxeen gaineko kokapen orokorra eskaini eta bisita bakoitzean ikusitakoak eta entzundakoak partekatu ziren. Aukera guztiak mahai gainean jarri ziren eta otsailetik aurrera hurrengo faseari ekingo zaio. Balizko aukerak Oñatira ekarri eta erabakiak hartzeko garaia izango da. Hilean behin egin asmo diren eztabaida saioak gaika antolatuko dira.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!