Emakumeen etxea, etxez etxeko laguntza zerbitzua, Oñatiko esperientzia gela eta Euskaraldia dinamizatzeko lankidetza gaurko Osoko Bilkuran

2022/05/26
Card image cap
21 puntuko lan zerrenda prestatu da

  Emakume etxea izango dena egokitzeko eraikin edo lokala erostea aurreikusi zuen Udalak eta proposamenak jasotzeko deialdia egin zuen. Hartarako epean eskaintza bakarra jaso zen udaletxean: kale Zaharrean dagoen eraikin bat. Proposamena aztertuta egokia dela ondorioztatu du Kontratazio mahaiak baina erabakia udalbatzari dagokio eta arratsaldeko bileran hartuko du.

  Etxez etxeko laguntza zerbitzua berriro kontratatzeko prozesua abian jartzea ere proposatuko zaie udal ordezkariei gaurko bileran. 2018an izenpetu zen aurreko kontratua betetzeko puntuan dago eta iraungi aurretik zerbitzua emango duen enpresa kontratatzea komeni da, etenik gerta ez dadin. Lizitazio berrirako baldintzak Osoko Bilkuran azalduko dira.

  Udalak, bestalde, Oñatiko esperientzia gela aurten martxan jarri nahi du, 2022ko aurrekontuetan jaso zenez. Ikasturte berriarekin, iraila-urrian, abian jarri nahi da eta horretarako lankidetza hitzarmena sinatuko da Goienagusi kultur elkarterekin. Udazkenean, baita ere, Euskaraldia ariketa sozialaren hirugarren aldia beteko da eta hori prestatu, herria girotu eta dinamizatzeko beste lankidetza hitzarmena sinatzea proposatuko zaie udal ordezkariei, kasu honetan, Euskaltzaleon Topagunearekin.

  Aipatutakoak, gaurko Osoko Bilkurarako zerrendatu diren gaietako batzuk dira, guztira 21 puntu jaso baitira. Batzarra 18:30tan hasiko da eta Oñati Irratiak zuzenean eskainiko du, ohitura duenez.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!