Emakumeen etxea egokitzeko eraikina erosi nahi du Udalak
Oñatiko emakumeen eta gizonen berdintasunerako II. planak jaso zuen Emakumeen etxea edo txokoa martxan jartzea urrats garrantzitsua litzatekeela emakumeen ahalduntze pertsonal, kolektibo, sozial eta politikoan sakontzeko. Baina udalak ez du Emakumeen txokoa hartzeko espazio egokirik eta horregatik abiatu du eraikina edo lokala erosteko prozedura.
Gutxienez 400 m2-ko azalera duen lokala edo eraikina eskuratu nahi da eta 295.112 eurotan finkatu da gehienezko prezioa.
Eskaintza ekonomikoaz gain, lokal edo eraikinaren kokapena, azalera, irisgarritasuna, egoera eta diagnostikoan deskribatutako behar eta ezaugarrietara egokitzea baloratuko da, besteak beste.
Emakumeen etxerako diagnostiko txostenean argiztapen natural handia izatea, espazioaren ikusgarritasuna eta erabiltzaileen intimitatearen arteko oreka, isolamendu akustikoa, herriko bestelako baliabideekiko hurbiltasuna eta barne-espazioaren banaketa baloratu behar direla zehaztu zen. Kokapenari dagokionez eraikina herri gunean egotea lehenetsi du udalak eta lehen eta bigarren mailako interes guneak zehaztu dira.
Eskaintzak egiteko epea zabalik izango da martxoaren 30era arte.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!