Emakumeek idatzitako musika eskainiko du Ganbara faktoriak Bazkide kontzertuan

2022/06/01
Card image cap
Santa Ana aretoan izango da, larunbatean, 19:00tan

  Egun eta lekuz aldatuta dator Ganbara Faktoriako Bazkide kontzertua; domekatik zapatura aurreratu dute, Ganbara faktoriako eguna ere ospatu asmoz, eta parrokiatik Santa Ana aretora aldatu behar izan dute, larunbat arratsaldetan elizkizun bereziak izan ohi direlako.

  Bazkide kontzertuko gaia edo egitaraua ere berezia izaten da urtetik urtera eta, oraingoan, emakumeek idatzitako musika aukeratu dute, emakume musikari sortzaileei keinu eginez. Asko dira musika egiten duten emakumeak baina gutxi programatzen da, %3a besterik ez, Aitor Biainek atzo azaldu zuenez. Baina Ganbara faktoriak badu musika enkargatzeko emakumeengana jotzeko ohitura eta, alde horretatik, talde ezberdinentzat propio sortutako musika berreskuratuko dute larunbatean eta entzungo den guztia, %100, emakumeek idatzitakoa izango da.

  Larunbateko kontzertuan hiru taldek parte hartuko dute: Ganbara txiki, Hots eta Ganbara abesbatzek, Amaia Zipitria eta Leire Ugarte pianoan arituko direlarik, 110bat lagun guztira. Talde bakoitzak hainbat lan eskainiko ditu eta amaieran hirurek batera kantatuko dute. Ganbara faktoriako bazkideek kontzerturako sarrerak jasota dituzte, gainontzekoek, ohiko bideetatik eskuratu ditzaketa, 8 euroren truke. Aipatu, jesarlekuak libre izango direla, alegia, zenbakitu gabe egongo direla.

  Ganbara faktoriak 109 bazkide ditu, egun, ohorezkoak diren Udala eta Ulma kooperatibaz gain. Elkartearen sostengurako oso garrantzitsuak dira guztiak eta bereziki prestatutako esker oneko kontzertua eskainiko diete larunbatean. Datozen bi urtetarako erronka bazkide kopurua handitzea da eta 150 lortu asmo dituztela aipatu zen atzoko agerraldian.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!