"Emakume sortzaileak" hamabostaldia, martxoaren 6tik 22ra

2024/02/28
Card image cap
Emakumeek kulturaren alde egin duten ekarpena aitortu, bistaratu eta erreferente izatea da helburua

  Emakume sortzaileak hamabostaldiak arlo profesionalean nahiz zaletasun mailan kulturan diharduten emakumeen jarduna batu du, bi mailetatik herriko bizitza eta mugimendu kulturala aberasten dutela azpimarratuz. Oñatiko eta Euskal Herriko emakumeen lanak ezagutu ahal izango dira, arte adierazpen ezberdinetan: bersolaritzan, ipuin kontaketetan, antzerkian, musikan eta arte plastikoetan. Martxoaren 6an, bertso musikatuak izango dira; 7an eta 13an, ipuin kontaketa eta musika, 10ean, antzerki emanaldia, 17an, kontzertua eta 8tik 22ra Emakume oñatiar sortzaileak erakusketa.

Emakume sortzaileak hamabostaldiaren baitan bereziki zaindu da Emakume oñatiar sortzaileen lanak bilduko dituen erakusketa. Oñatin jaio edo bizi diren emakumeei parte hartzeko gonbidapena egin zitzaien eta dozena bat artisten lanak ikusgai jarriko dira. Arte disziplina anitzeko lanak ikusi ahal izango dira: margolanak, eskultura, makramea, ikus-entzunezkoak... Belaunaldi ezberdinetako artistak elkartuko dira, mostra aberastuz.

  Emakume sortzaileak hamabostaldiari dagokion kartela eta esku-orriaren diseinua Ane Galdosi eskatu zaio, iazko jai egitarauaren azala irudikatu zuen artistari. Esku-orriak udal eraikinetan, taberna nahiz lokal publikoetan eskuragarri jarriko dira.

  Emakume sortzaileen aldeko apustua egin du Udalak azken urteetan, sorkuntza hori sustatu, aitortu eta ezagutzera emanez. Hala, emakumeak eragile eta protagonista ziren antzezlan baten sortze eta taularatze prozesua diruz lagundu zen iaz eta hainbat adierazpen artistiko biltzen dituen programazio berezia antolatu da aurten, emakume sortzaileak hamabostaldiaren baitan. Emakumeek kulturari egin dioten ekarpena aitortu, bistaratu eta belaunaldi berrientzako erreferente izatea da helburua.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!