Emakume etxea kale Zaharra 13an egokituko da

2022/05/30
Card image cap
Alkatea eta Berdintasun teknikaria Emakume etxea izango denaren aurrealdean
Hiru oineko eta ia 700 metro karratuko eraikina erostea onartu zen azken Osoko Bilkuran

  Proposamen bakarra jaso zen Emakume etxea izango dena egokitzeko lokal edo etxebizitza erosteko deialdira eta, Udalak jarritako baldintzak betetzen dituela ikusita, onartzea erabaki zen osteguneko Osoko Bilkuran. Kale Zaharra 13 erakina erosiko da; sarrerako oina eta beste bi solairu ditu, guztira, 681 metro karratu. Aho batez erabaki zuen udalbatzak aipatu eraiki 289.500 eurotan erostea. Erabakiaren garrantzia azpimarratu zuen Izaro Elorza alkateak plenoan, mugarria zela esanez.

  2018ko Partaidetzazko aurrekontuak prozesuan proposatu zen balizko Emakumearen etxearen egokitasuna aztertzeko diagnostikoa egitea eta halako azpiegitura baten garrantzia agerian geratu zen abiatutako prozesu parte-hartzailean. Bidea oraindik luzea izango dela onartu arren, Osoko Bilkuran onartutakoa urrats esanguratsua dela azpimarratu zuen Izaro Elorza alkateak.

  Emakumeen kontseiluak, Berdintasuna udal departamentuak eta udalbatzak babesten duten Emakume etxeak izango duen kokapena bereziki aipagarria da, erdigunean egonik, herriko beste baliabide nagusietatik hurbil baitago. Hala ere, egokitze lanak egin beharko dira ateak ireki aurretik, eraikinaren egoera ez baita ona eta eraberritu egin behar da, bai irisgarritasuna hobetzeko eta baita instalazio aldetik dituen hainbat hutsune osatzeko ere. Eraikina eraberritzen hasi aurretik proiektua egin beharko da eta lanak lizitaziora atera. Baina hori hurrengo fasetan izango da, eta prozesuari buruzko azalpenak emateko saioa egingo da ekainaren 15ean, Kultur etxean (18:00).

  Emakumeen etxea, herriko emakumeentzako topagune, hausnarketarako toki eta banaka zein talde gisa ahalduntzeko gune izango da. Egun lokal ezberdinetan egiten diren jabetze eskolaren baitako ikastaro eta tailerrak, edota bestelako ekintzak, Emakumeen etxean egin ahal izango dira, besteak beste.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!