Emakume etxea izango den eraikinaren eraberritze lanak lizitaziora atera ditu Udalak

2023/01/24
Card image cap
Otsailaren 7an amaitzen da eskaintzak egiteko epea

  Udalak kale Zaharreko 13 zenbakia duen eraikina erosi zuen iaz, Emakume etxea bertan egokitzeko helburuz. Itziar Zelaia arkitektoari eskatu zitzaion eraberritze proiektua, eta hori oinarri hartuta, egituraren eta fatxadaren egonkortasuna bermatuko duten lanak egingo dira. Teilatua ere eraberrituko da.

  Lanak bi fasetan egitea aurreikusten da. Lehenengo fasean, orain esleitu asmo denean, eraikinaren egonkortasuna ziurtatzeko lanak egingo dira eta, bigarrenean, eraikinaren barne banaketa egingo da. Izan ere, etxearen barne egitura Emakumion etxea eraikitzen eztabaida prozesu parte-hartzailean erabakiko baita. Otsailean hasiko den prozesuan, Emakume etxearen barne banaketa nola eta zertarako egin erabakiko dute herriko emakumeek.

  Orain esleipenera atera diren lanek eraikinaren egitura eta fatxada egonkortzea dute helburu. Horretarako, dagozkion egurrezko elementu berriak jarri edo egungoak berrerabiliko dira, teilatua eraberrituko da, eskailera berria jarriko da egungoaren kokapen berean eta igogailua ere ezarriko da. Barne banaketa eraitsiko da, espazio irekiak utziz. Eraikina herriko kasko historikoan kokatzen denez, eraberritze lanetan Foru Aldundiak zehaztutako baldintzak bete beharko dira: harrizko hormetan erabiltzen den morteroak karezkoak izan beharko dira, porlanaren erabilera saihestuz; zutabeak ordezkatzeko orduan haritzez egindakoak erabili beharko dira eta egurrean tratamendua eman aurretik, erabili asmo diren produktuen fitxa teknikoa aurkeztu beharko da Foru Aldundian honek onartu ditzan.

  Lanak egiteko 12 hilabeteko epea zehaztu da lizitazio deialdian. Aurrekontu ere handia da: 828.403 euro. Esleipenera aurkezten diren enpresek antzerako lanetan eskarmentua dutela egiaztatu beharko dute, azken bost urteetan egindako obren zerrenda eta garrantzitsuenak ondo burutu izanaren egiaztagiriak presentatuz. Azken bost urteetan gutxienez bost eraberritze integral obra egin izana ere egiaztatu beharko dute.

  Esleipenerako irizpideetan eskaintza ekonomikoak 65 puntu balioko du, obraren memoria teknikoak 24 eta berme epea luzatzeak eta egikaritze epea gutxitzeak bosna puntu. Proposamenak aurkezteko epea otsailaren 7an, 14:00etan, itxiko da.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!