Oñatiko udala

Emakume bira dela eta hainbat aparkaleku kendu eta kale mozketa izango da bihar.

2014/06/12
Card image cap
M.U. Olaiturri eta unibertsitate zaharraren atzealdeko aparkalekuak lasterketako ibilgailuentzat gordeko dira eta erdiguneko kale batzuetan, trafikoa tarteka moztuko da.

  Munduko emakume txirrindulari hoberenak bilduko dituen Emakume birako biharko etapa Oñatin hasi eta bertan amaituko da. Ia 114 kilometroko luzera izango duen etapa, arratsaldeko 4ak 10 gutxitan abiatuko da Unibertsitate Etorbidetik. Txirrindulariek, herri gunea hirutan zeharkatuko dute eta tarte horietan, herri barruko trafikoa eten egingo da.

  Txirrindulari lasterketa arratsaldean izango den arren, aparkalekuak goizeko 10etarako prest egon beharko dira. Hala Mondragon Unibertsitateko aparkalekua, Aita Mortara kalekoa eta Olaitturri, lasterketako autoentzat gordeko da. Era berean, La Caixa aurrealdeko taxi geltoki eta zamaketa lanetarako aparkalekuak ere, erreserbatuta gordeko dira. Horiek, lasterketako autobus eta kotxeentzat gordeko diren aparkalekuak. Baina lasterketako txirrindularien segurtasunerako, Kale zaharrean, Kanpantxo inguruan ere, aparkatzea debekatu egingo da bihar. Inguru horretan, ura eta beste azpiegitura hoditeria batzuk berritzeko lanak egiten ari dira. Bihar, obretako gunea behar bezala hesituta utziko da. Baina ibiltzeko moduan dagoen erraila zabaltzeko asmoz, Kurtzetxoko ermita paretik Kanpantxora bitartean ezin izango da aparkatu.

  Herri gunera etorrita, trafikoa, aldika, eten edo moztu egingo da lasterketari bide emateko. Bihar arratsaldeko 3etarako jada, Unibertsitate etorbidea lokomotora ondoko errotondatik Aker taberna pareraino itxi egingo da. Kontu egin behar da lasterketa bertatik abiatuko dela. 3,30etik aurrera berriz, Bakardadeko ama kalea, Santa Marina eta Euskadi Etorbidea ere itxi egingo dira, herri gunean egingo duten ibilbide neutralizatua kale horietatik bideratuko baita. Lehen zirkuitu txiki hori osatuta, 0 kilometroa eta lasterketaren benetako hasiera, Otadui zuhaiztian izango da arratsaldeko 4etan.

  Baina txirrindulariek, inguruko herrietatik zirkuitu ezberdinak osatuta, Oñatitik beste hiru alditan pasako dira: Arratsaldeko 5ak laurden gutxi inguruan, 5.30ak aurretxoan eta amaieran, 7ak laurden gutxi baino lehentxeago. Hiru tarte horietan ere, errepidea eta erdiguneko kaleak trafikorako itxi egingo dira.

  Bihar arratsaldean auto gidariei kontuz ibiltzeko eta aldian aldiko seinale eta aginduei kasu egiteko eskatzen da udaltzaingotik. Era berean, gaur gauean jada jarriko diren aparkatzeko debekuak errespetatzea eskatzen da.

  Emakumezkoen birari dagokion bigarren etapa hori, Unibertsitate Etorbidetik abiatuko da bihar arratsaldeko 4ak 10 gutxitan, eta amaitu, leku berean amaituko da 6 t’erdiak, 7ak laurden gutxi aldera.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!