Elurragatik alerta laranjan jarraituko dugu bihar 9:00ak arte

2023/01/18
Card image cap
Miruerreka inguruan arbola bat jausi da argindar hariteriaren gainera

  5:30etarako hasi dira lanean udaleko lehen langileak, argitu orduko kaleak garbi egon zitezen. Elur askorik ez zen orduan baina 7.00ak aldera mara-mara hasi da herrigunea zurituz. Orduan hasi dira oinezkoentzako pasabideak irekitzen, kaleak garbitzeko makinarekin.

  Udaleko traktorea Araotzen ibili da lehen orduan, eta ondoren Arantzazuko baserri bideak garbitzen aritu da. Goialdeko auzo-bideetan eman du egun osoa eta bihar, goizean goiz, berriro irteteko prest utzi da. Palaz hornitutako pick-up-arekin berriz, behealdeko auzoetako bideak garbitzen aritu dira.

  Udanarako errepideea itxita edo kateekin egon da, elurra kentzeko kamioiak 10:00/10:30 aldera pasa diren arte. Herrira sartu edo irteteko bide bakar bihurtu da, ondorioz, Elorregirako errepidea eta ibilgailu asko pilatu dira, trafikoa motelduz.
Urrexolatik, Miruerreka aldetik, abisua jaso da udaltzaingoan, arbola bat jausi dela jakinaraziz. Errepide aldera jausi da baina ez du bidea moztu, argindar-kable baten gainean geratu delako, horrek duen arriskuarekin. Lan publikoetarako arduradunei pasa zaie oharra. Elurraren pisuz apurtutako pinuak ere topatu dituzte auzo bideak garbitzen aritu diren herri-langileek.

  Arrasate-Oñati-Legazpi-Zumarraga autobus zerbitzuaren ibilbidea moztu egin da, elurraren ondorioz, eta goizean zehar Arrasate eta Oñati artean ibili da bakarrik.

  Aparteko arazo larririk ez du eragin elurrak gurean gaur, baina ilundu orduko tenperatura jaisten hasi da eta tarteka zaparradak botako dituenez, elur kota 400 metro inguru kokatuko da, noizbehinka 200era ere jaitsi daitekeelarik, eguraldi prebisioaren arabera. Egoera bihar goizera arte luzatuko da eta elurragatik alerta laranjan egongo gara 9:00ak arte. Egunak aurrera egin ahala elur mailak gorantz egingo ei du.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!