Elurra kendu eta gatza zabaltzeko lanetan dabiltzanen lan jarduna luzatzea erabaki da.
Orain arte ez da aparteko arazorik izan gurean elurra dela eta. Elurra, tarteka mardul botatzen aritu da baina aterruneak ere atzo baino zabalagoak izan dira. Eta egoera bat edo beste izan, kaleko itsura oso ezberdin bihurtzen da. Elur erauntsi garaian ingurua segituan zuritzen da tenperatura oso baxua delako. Baina atertu orduko, errepide eta oinezkoen pasaguneak berehalakoan garbitzen dira. Gatz asko bota denaren seinale. Hori, kale mailan. Auzo altuetan, egoera pitin bat okerragoa da elurra ez baita hain xamur urtzen.
Baina auzoetan goizean goizetik ari dira baserri bideak garbitzen. Eta horretan jarraituko dute iluntzeko 8ak arte. Hortik aurrera, atze gertatu zen bezala, aterrunean geroz eta luzeagoak izatea aurre ikusten da eta ondorioz, denboraleak atseden berria eskaintzea. Baina egoera orokorra ez da askorik aldatuko, bihar goizean elurra berriro mardul egitea espero baita. Euskalmet zerbitzuan adierazi digutenez gainera, asteburuan ere tenperatura oso baxuak izango ditugu eta prezipitazioak geroz eta urriagoak izango diren arren, hotzaldiak jarraitu egingo du.
Udaltzaingoan, gatza banatzen jarraitzen dute. Auzoetako bizilagunak dira nagusiki, etxe inguruko bideetan botatzeko gatza eskatzen ari direnak baina garajeetarako sarbidea aldapan duten zenbait kaletarrek ere eskuratu dute. Gogoratu, era honetako eskaera guztiak eta negu denboralearekin erlazionatutako abisu guztiak Udaltzaingoan zentralizatzen ari direla: 943 08 10 00 telefono zenbakian.
Udaltzainen zerbitzua, goizeko 7etatik gaueko 9.30ak arte luzatzen da gurean. Hortik aurrera, larrialdiren bat duenak, 112 betiko zenbakira deitu dezake.
Gure inguruko errepide nagusiei begiratuta esan, Arantzazurako errepidea egun osoan itxita egon da kamioientzat eta autoek kateak behar dituzte. Udanarako bidean berriz, arretaz gidatzea gomendatzen du Segurtasun Sailak. Tarteka, elur erauntsia gertatzen denean baliteke trafikoa mugatzea baina orokorrean, elur makinak etengabe dabiltzanez berehala zabaltzen dute. Errepideen informazio gaurkotua, trafikoa.net atarian kontsultatu daiteke.
Iturria: Oñati irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!