Elur eta desbroze lanetarako traktore berria erosiko du udalak.

2013/11/15
Jasotako bi eskaintzak baloratzen ari dira eta erabakia hile akaberarako hartzea espero da. Traktorea, elurra kendu eta gatza zabaltzeko udalak dituen baliabideak osatzera etorriko da.

  Elurra Arantzazura eta behera etorri den honetan, halakoei aurre egiteko udalaren ekipazioa osatuko duen traktorea  laster eskuratuko dela jakin dugu. Elur eta desbroze lanetarako traktorea erosteko erabakia iraila hasieran hartu zuen udal gobernu taldeak. Erosketa, publizitaterik gabeko prozedura negoziatuaz egitea ere erabaki zen eta une honetan jaso ziren bi eskaintzak baloratzen ari dira teknikoak. Asmoa, hile akaberarako jada, udal beharretara egokitzen den ibilgailua erostea da. Horrela, udalak  elurra eta izotzari aurre egiteko zituen baliabideak osatuko ditu.

  Gogoratu errepide eta baso bideak garbitzeko pala egokitzeko aukera ematen duten bi todoterreno dituela lehendik. Traktore berriak, zeregin horietarako ekipazio osoa izango du. Horrela, hartarako propio udalak kontratatzen zuen enpresa ez du kontratu beharko.

  Azken urteotan, Forestales Mugarri enpresa kontratatu izan da auzo bideetan belarra moztu eta  neguko lanetan aritzeko. Horrek, 25.000 euro inguruko gastua eragin du. Traktore berria erosteko berriz, 80.000 euroko aurrekontua zehaztu da. Beraz, inbertsioa hiruzpalau urtetan amortizatuta geratuko da. Traktorea gainera, desbroze lanetarako besoa izango du eta horrek, orain urtean behin soilik egiten zen belar mozketa sarriago egiteko aukera emango du.
Elur kota 700-800 metrora jaitsi zitekeela eta, teknikariak hasita zeuden udalak une honetan dituen bi ibilgailuak prestatzen. Udazkeneko lehen erauntsi-aldi hau oso gogorra izatea ez da espero baina neguari neurria hartzen joateko egokia.

Iturria: Oñati irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!