Oñatiko udala

Eltziako taberna-kafetegi zerbitzuaren ustiaketa esleitzeko baldintzak onartu dira

2018/01/12
Card image cap
EAJ abstenitu egin zen atzoko osoko bilkura berezian

  Eztabaida sortu zuen Eltziako taberna-kafetegiaren ustiaketa gaiak udalbatza osatzen duten bi taldeen artean. EAJk, prozedura ez zela zuzen bete adierazi zuen; gaia aspalditik landu eta eztabaidatzen aritu arren, azken asteetan desagertu-edo egin zela eta abenduko osoko bilkurara eta atzoko pleno berezira eraman aurretik bete beharreko prozedura ez zela zuzen bete salatu zuen. Edukiarekin ados egon arren, abstentziora joko zutela esan zuen bozeramale jeltzaleak. Horrek, Partaidetza batzordeburu den Nerea Zubiaren harridura sortu zuen eta Eltziari dagozkion gaiak oztopatu nahi direnaren susmoa azaldu zuen.

  Gobernu taldeko kidearen adierazpenek Lourdes Idoiagaren haserrea sortu zuen eta Eltziarekin erlazionatutako gaiak oztopatu nahi direnik ukatu zuen. Tabernarekin ados daudela baina azken asteetako prozedura okerra izan dela azpimarratu zuen. Azkenean, EAJko ordezkariak aurreratu bezala, bozketan abstenitu  egin ziren baina gaia aurrera atera zen EH Bildukoen botoei esker.

  Eltziako taberna-kafetegiko zerbitzuaren ustiaketa bi urterako kontratatu nahi du udalak, beste bi urtez luzatu ahal izango delarik. Zerbitzuaren gutxieneko egutegia eta ordutegia finkatu du udalak. Hala, astelehenetik ostiralera (16:00-20:30) eta larunbatetan  (10:00-14:30 / 16:00-20:30) egon beharko da zabalik. Lizitazio aurrekontua, hileko 50 euro (gehi BEZ) da. Horren pareko edo gaineko proposamenak aurkeztu beharko dira. Hain zuzen, eskaintza ekonomikoa izango da esleipena egiteko irizpide nagusia (51 puntu). Eltziako taberna-kafetegiaren zerbitzuaren balizko balioi altua denez, lizitaziorako iragarkia Europako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Ondoren, 40 egun naturaleko epea izango da eskaintzak aurkezteko. Deialdia arautuko duen baldintza zerrenda udal bulegoetan kontsultatu ahal izango da, argitaratu ondoren.

Iturria: Oñati Irratia

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!