Eltziako kudeaketa eredua definitzeko bigarren bilera egingo da bihar
Urrian martxan jarri zen prozesuaren helburua, Eltziako kudeaketa eredua definitzea da.
Nola antolatuko gara eltzekideak? Zein egitura sortuko ditugu? Nolakoa izango da eta nola antolatuko dugu Udalarekiko harremana? Galdera horiei erantzutea izango da biharko saioaren helburua. Talde txikietan landuko dira eduki ezberdinak, ondoren guztien artean partekatu eta adostasunak bilatzeko.
Lehen saioan, proiektuaren printzipioez hausnarketa egin zen, orain arteko ibilbidearen balorazioa partekatu eta aurrera begirako eginbeharren zerrenda adostuz. Biharko bileran jada, zehaztasunetan sartuko dira. Aurreko bileran bezala, oraingoan ere, egun Eltziakide diren edo etorkizunean bertan beren burua kokatzen duten talde eta kolektibo guztiak gonbidatzen dira. Eztabaida saioa Eltzian bertan egingo da, Gurutze Gorriaren gelan (Lagun Leku ondoan), 10:00etatik 13:00etara.
Eltziakide eta Udalaren arteko harremana nola antolatu edota Eltziakideen arteko koordinazioa nola egituratu beharko litzatekeenari buruz bihar egiten diren proposamenak taldeetara eramango dira eta azken ondorioak abenduaren 12an, Eltziako kudeaketa eredua adosteko azken saioan eztabaidatuko dira.
Iturria: Oñati Irratia
Harpidetu boletinera
Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!