Oñatiko udala

Eltziako instalazio elektrikoa egokitzeko lanak egiten hasi dira

2021/09/15
Card image cap
Eraikina jaso zeneko instalazioa berritu gabe dago hainbat gunetan

  Eltzia eraikinak 1973. urteko behe tentsioko erregelamenduaren arabera egindako instalazio elektrikoa du. Espazioa birgaitzen jarraitzeko asmoa du udalak eta horretarako, egun indarrean dagoen erregelamendu elektrikora egokitu eta legeztatzea oinarrizkoa da. Zenbait gunetan lanak egin dira aurrez, tabernan, topagunean edota Musika Eltzian eraberritu zen gunea, baina eraikinaren zati handiena egokitzeko dago.

  Lanak eremuka egingo dira, Eltziako erabiltzaileen jardunean ahalik eta gutxien eragiteko. Aste honetan bertan hasi dira hirugarren solairuan, hau da, Eltziako jardunik ez eta udalak behin behineko kirol gune gisa erabili zuen solairuan. Lanen jarraipenerako osatu den mahai teknikoa astero elkartzen da, besteak beste, asteko obra-eremuak zehazteko.

  Eltziako instalazio elektrikoa egokitu eta legeztatzeko lanetarako oinarri den proiektua TEKNIBER Ingenieria enpesak egin zuen. Eraikinaren hariteria, luminariak, entxufe, interruptore eta gainontzeko elementuak aztertu ziren eta berritu beharrekoak zerrendatu ziren. Proiektu horren arabera deitu zen obra lizitazioa Urola SL enpresak irabazi zuen. Egingo diren lanen deskribapenak, proiektuaren azterketak eta epemuga 12 astetik 8ra murrizteak markatu zuen Bergarako enpresaren aldeko diferentzia eskaintzen balorazioan. Prezioari dagokionean, bigarren proposamen garestiena izan baitzen. Aste honetan hasi diren lanon aurrekontua 131.516 euro izango da, BEZik gabe, hau da, udalak finkatu zuen lizitazio prezioa baino ia 8.400 euro merkeagoa.

  Lanak 8 astetan egitea aurreikusten da eta okerrik ezean azaroko bigarren astean amaituko dira. Bitartean, guneka ez ezik, litekeena da argi mozketa orokorren bat egin beharra izatea Eltziako instalazioetan.

Iturria: Oñati Irratia

 

Harpidetu boletinera

Jaso emailez Oñatiko albisteak astean behin!